Skip to content

Larraungo alokairu sozialeko etxebizitzak eskatzeko epea azaroaren 23an bukatuko da

Larraungo alokairu sozialeko etxebizitzak eskatzeko epea azaroaren 23an bukatuko da

Azpirotzen eta Etxarrin alokairu sozialeko etxe bana martxan jarri dugu eta azaroaren 17an horiek ezagutzeko ate irekien eguna izango da.

Larraungo Udalak bailarako Etxarri eta Azpirotz herrietan alokairu sozialeko 2 etxebizitza estreinatuko ditu urtea bukatu baino lehen. 2019an martxan jarritako “Larraun bizigarria” lan-ildoaren baitan kokatzen da ekimena, besteak beste etxebizitza irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria uztartzen dituena. “Aurreko legegintzalditik gure lehentasunetako bat Larraun bizigarriagoa izatea da eta urrats berri bat ematera goaz” azaldu du Mikel Uharte alkateak.

Alokairu sozialeko etxebizitza hauek erabiltzeko eskaera epea azaroaren 23an bukatuko da eta udal webgunean zein Udaletxean bertan eskuragarri dagoen eskaera-orria bete beharra dago. Interesa duenak Larraunen erroldatua, bailarako etxebizitza babestuen eskaitzaile gisa erroldatua egon beharko du eta hainbat agiri aurkeztu beharko ditu.

Etxebizitzen ezaugarriak
Azpirotz-Lezaetako eta Etxarriko kontzejuek Larraungo Udalari etxebizitzen erabilera lagatu diote eta udalak, Nafar Gobernuko aurrekontuetako partida bati esker, bi etxeak birgaitu eta atondu ditu. Uharte alkatearen hitzetan “instituzioen elkarlana funtsezkoa izan da, maila guztietan, eta proiektua aurrera atera ahal izateko EH Bilduren talde parlamentarioak Foru Aurrekontuetan lortutako partida ere berebizikoa izan da”.

Azpirotzeko etxeak 151,8 m2 ditu (111,4m2 erabilgarri), 38,7m2-ko egongela-sukaldea, 3 logela eta 2 komun ditu. Berokuntza egur bidezkoa da.

Etxarriko etxeak, aldiz, 148,24m2-ko azalera du (94m2 erabilgarri), 35,23m2-ko egongela-sukaldea, 3 logela eta 2 komun ditu. Berokuntza pelet bidezkoa da eta, kasu honetan, gurpildun aulkientzako egokituta dago.

2 etxeak erabat hornituak daude, sukalde eta komunekin, eta 400 eurokoa da bakoitzaren hileko alokairu kostua. Hala, udalak abenduaren bukaerarako lehenengo maizterrak bizitzera sartuko direla aurreikusten du.

 

Ikusi hemen 2 etxebizitzen
fitxa teknikoa