Skip to content

Madotz

Madotz

Oderiztitz aldetik joanez gero, Zuarrarateko Gaina (800 m) igarota, Madotz aldera jaisten hasiko gara, Larraun bailarako kontzejurik hegoaldekoena eta biztanleri aldetik txikiena, Albiasurekin batera; azken horrek bezala, 16 biztanle baititu (INE, 2019). Ata ibarraren ahoan kokatuta dago eta Madalenaitz tontorreraino iristen den Aralarko malkarraren ia ertzean. Itsas mailatik 750 metroko altitudean dago, Oderitzekin batera bailarako herri altuena delarik. Larraunaldetik etortzeko aukeraz gain, Irurtzun-Arakil aldetik igotzeko ere errepidea dago.

Esan bezala, Madotz Ata ibarraren sarreran dago. Bertan, haitz bat dago lurrean sartuta, iruinarria (menhir) bailitzan, zeina Erroldan Harri edo Jentilarri bezala ezagutzen den. Elezaharrak dioenez, harri hori Roldanek jaurti zuen Madotzeko herriaren kontra, Done Mikelen tontorretik. Alabaina, arropa besoan korapilatu zitzaion, eta ez zion bultzada nahikoa eman. Ondorioz, distantzia erdiraino bakarrik iritsi zen, Atako haranean erori zelarik. Aurpegietako batean sei ildo artifizial ditu, eta Roldanen behatzak direla esaten da. 

Arkitekturari dagokionez, aipagarria da jauretxe itxurako bi eta lau isuriko etxe-multzoa, baita San Joan Bataiatzailearen omenezko eliza ere. Azken hori, herriaren goialdean dago eta neoklasikoa da, 1818koa.

AZKEN BERRIAK