Skip to content

Errazkin

Errazkin

Azpirozko portua jaitsiz gero, Lezaeta eta Beteluren artean, bidegurutze bat dago ezkerreruntz, garai bateko errota dagoen horretan. Errepide hori hartuta, bi kilometro pasatxora, Errazkingo herria dugu, Mailoen ekialdeko magaletan. Albiasutik ere jaisteko aukera dago, mendiz. Bataz beste 410m metroko altitudean dagoen herri honek 67 biztanle ditu (INE, 2019). Herriko etxeak behetik gora doan kale baten bi alboetara kokatuta daude, maldan zehar. Aldapa horren erdialdean, pilotaleku eta jolastokia daude; goiko aldean, berriz, San Martin eliza dago, XVIII. mendearen bukaeran berreraikia.

Errazki Larraungo beste herriengandik nabarmentzen duena bere antolaketa disikoa da, izan ere, herrigunetik bereiztuak dauden baserri eta borda dezente daudelako. Gainera, herrira iritsi aurretik (beherago), Erasoko antzinako jaurerria dago, armategi-kabu jauregia eta hainbat etxe dituena eta Erdi Aroan nobleziaren bizileku izan zena.

Aipatzekoa da, bestalde, urte asko ez direla, larre horiek segaz mozten zirela eta belardi aldapatsuenetan loturik aritzen zirela ez erortzeko. Belar hura belar-maindiretan bildu eta airean zintzilikatutako kabletan jaurtitzen ziren baserri edo ingururaino, gorde ondoren abereei neguan jatera emateko. Oraindik ere ikus daitezke kableei heltzen zieten euskarrien hondarrak, eta ondare hori berreskuratzeko proiektu bat ere badago.

AZKEN BERRIAK