Skip to content

Azpirotz-Lezaeta

Azpirotz-Lezaeta

“Azpirotz, elurra denean haizea hotz”

Lekunberritik Betelurako bidean Azpirozko mendatea dugu. Horren inguruan kokatzen diren bi herriek osatzen dute 63 biztanleko kontzejua (INE, 2019). Portua jaisten hasita, Azpirozko karakola deritzon bihurgunean eskubirantz doan errepidetik joanda, Azpirozko herria dugu, 510m-ko bataz besteko garaieran. Bertako etxeak maldan banatzen dira, goialdean dagoen eta bista panoramikoa duen San Esteban Elizatik behera. Parrokia XIII. mendekoa da, estilo protogotikokoa. Horren ondotik, Lekunberritik Gorritirako mendiko bidea igarotzen da, zeinak herriaren goiko partea gurutzatzen duen. Bertatik, herri osoa behekaldean eta Aralarko Mailoak aurrez aurre ikus daitezke, bista panoramiko eder batean. Herriaren erdialdean, pilotaleku irekia dago.

Azpirozko mendatea jaitsiz gero, berriz, errepidearen eskuinaldean eta Araxes ibaiaren ertzean, Lezaeta dugu. 8 etxeko eta 15 biztanleko herri txiki bezain xarmagarri hau itsasmailatik 310 metroko garaieran dago. Ezaugarri horiek, haraneko herri baxu eta txikiena egiten dute Lezaeta. Herri sarreran, ezkerretara, oso ongi mantentzen den garbilekua ikus daiteke eta goikaldean eliza txiki bat du. Herria husten ari zen arren, azken urteetan, bizi berria hartu du, haurrak dituzten familia berriak bizitzera etortzearekin batera. Gainera, ogi ekologikoa ekoizten duten okindegi bat ere abian jarri da. Historiari dagokionez, badirudi, garai batean sorgin-gunea izan zela; izan ere, aspaldiko idatzi baten arabera, 1610. urtean 32 lezaetar Logroñon deklaratzera deitu zituzten eta horietatik 15ek Lezaetan akelarrea egin zela baieztatu zuten.

Aipatzekoa da ere, Araxes ibaiaren -Pascual Madozen 1845-1850eko Diccionario Geográfico delakoak jasotzen duen bezala, Azpirotz ibaia- ibilbidean zehar, asmakizun hidrauliko saila zegoela garai hartan, bere uren indarra aprobetxatzeko: presak, anteparak, zazpi irin-errota, burdinola bat, kobrezko gabi bat, hainbat bolategi eta bainuetxe bat. Energia aprobetxatu beharreko garaiak ziren eta ibaiari hormak, ubideak eta presak eraikitzen zitzaizkion, ura behar bezala bideratu eta bilduz ahalik eta hobekien baliatzeko bere indarra.

Azken Berriak