Alli
Alli
Lekunberri aldetik etorriz gero, Larraun ibaiaz gurutzatzerakoan, Alliko lurretan sartzen ariko gara, eskuin aldean Alliko errota zena eta presa ikusiko ditugularik. Aurrera jarraituz gero, kilometro bete baino gutxiagora, herrigunera iritsiko gara, zeina 620m inguruko altitudeko kaxko batean kokatuta dagoen, maldaxkan: herriaren alde batetik, Iribas, Baraibar eta Aralar (Mailoak barne) ikus daitezke. Beste aldetik, berriz, Mugiro, Lekunberri eta Ireber aldeko mendiak. Allik 35 bizilagun ditu, zentsoaren arabera (INE, 2019).
Akelarreak ez ziren Zugarramurdin bakarrik egiten, eta badirudi Allin ere egiten zirela Akelar izeneko haitzuloetan eta trikuharrian. Ipuin eta legendak ez ezik, 1575ean izandako epaiketa baten berri dugu Gracia Martiz ustezko sorginaren aurka, sorgin talde handi batekin akelarrean biltzeaz akusatuta Alliko haitzuloan, Aralarren magalean. Emakume franko landareak zertan erabili jakite hutsarengatik sorgintzat jo zituzten eta nahiz eta ez egon ez akelarrerik, ez sorginik, ez begizkorik, badakigu erlijio epaiketak ez ezik zibilak ere izan zirela, torturak nozitu zituztela eta jendeak sorginetan sinesten zuela. Oraindik orain, gaur egun bada sorginetan sinesten duen jenderik, baita sorgina dela esaten duenik ere.
Akelar haitzuloa, herria bukatu eta metro gutxira dago, errepidetik eskuinaldera. Herritik doan bidexka batetik ere irits daiteke bertara. Gaur egun, itxita dago publikoarentzat; hala ere, espeleologo asko joan izan da bertara, aldez aurretik baimena eskatuz gero posible baita sartzea; Allin, gutxienez, beste bi leizezulo ere badaude, baina hauek ere itxita daude.
Arkitektura aldetik, Donibane eta Done Pauloren omenezko eliza dugu herri sarreran, eskuinetara. Erdi Arokoa da, baina XVIII. mendean berritua izan zen. Etxeak XVIII. mendekoak dira. Horietatik bat, ordea, Argainea izenekoa, XVI. mendekoa dela erakusten duten hainbat elementu ditu.