Skip to content

Historia

HISTORIAURREA

Larraungo hainbat herritan historiaurreko monumentu megalitikoak aurkitu dira, trikuharriak gehienbat.

Hauek dira orain arte aurkitutakoak: Madotzen Larrazpil eta Aupeta (beronen egiazkotasuna ziurtatzeke artean); Oderitzen Azolape, Milaldapa, Pagamendi, Pikabotz; Astitzen Lardamingo; Allin Akelar; Iribasen Txuritxoberri; Baraibarren Arranazpieta, Lapastegi, Postan eta Espartazabal (Ezpaltza); Gorritin Goldanburu (Goldaña) eta Musaio/Deskarga (beronen egiazkotasuna ziurtatzeko esperoan); Uitzin Sokillete, Atxitxia, Esita 1 (trikuharria), Esita 2 (tumulua), Azpelategi, Txuntxuin, Arrola guratz (megalito honen egiazkotasun ziurtatu beharra dago) eta Mugarriberri; eta Aldatzen Landaeder.

ERDI AROA: IDATZIZKO LEHEN AIPAMENAK

1192ko forua

Iruñeko katedralean Larraun haranari buruzko lehenengo testuak aurkitu dira, XII. mendekoak. Hoietan, 1192an Nafarroako Antso VI.a jakituna erregeak foru baten bidez Larraungo zergak gaurkotu zituen. Bestalde, Fernando Katolikoak 1514an, Karlos III.-ak 1397an haranari emandako pribilegio bat konfirmatu ziola jakin da.

Foru horren bidez, aitoren semeen eskubide berberak aitortu zizkien herritar guztiei, ordura arte franko (edo zergarik gabeko) eta kapareen artean egiten zen bereizketa gaindituz.

escudo-larraun-grande-8

ARMARRIA

1512ko konkistaren ondoren Fernando Katolikoa erregeak bere foruak konfirmatzearekin batera, larraundarrek izaera ofizialez erabili beharreko armarria ezarri zuen.

Ordura arteko armarrian, haritz berde bat eta ibiliz doan otso beltza (haritzari gurutzaturik) agertzen dira, zilarrezko esparru batean.

Aurreko armarri horri Nafarroa eta Aragoiko armarri errealak gehitu zizkion; horrela, nafar kateez inguratutako lau esparruko armarria eratu zen, zeinaren 1. eta 3. eremuetan harmarri zaharreko irudi berbera ageri den eta 2. eta 4.ean Aragoiko armak (lau barra gorri bertikal, urrezko fondoaren gainean).

Gazteluak

Larraun harana Nafarroako Erresumaren mugaren inguruan eta igarobidean egonik, leku estrategikoa izan da urte luzez. Hori dela eta, bertan eraiki zituzten hainbat gaztelu; Gorriti eta Lekunberrikoak kasu. 

Gorritiko gaztelua

Orain Santa Barbara izenez ezaguna den (gazteluaren hondakinen gainean eraiki zen baselizagatik) mendi-tontorrean zegoen, talaia pribilegiatua izan zen Araitz eta Areso haranen gainean -Nafarroako bi sarbideren ateak-. Defentsa eta pasabide zerbitzuak ematen zituen, eta bidesari eta zergen kobratze-funtzio garrantzitsua ere betetzen zuen. Gaur egun, oraindik ere, etxe batek Taula izena mantentzen du (honela izendatzen ziren funtzio hori betetzen zuten etxeak). Kokapen geografikoa dela eta, Gorriti Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko pasabideetako bat zen, Tolosa eta Iruñea lotzen zuten ibilbidean. Gazteluak Gorriti igarotzen zuen bidea babesten zuen eta Araxes haranaren beheko bidea zaintzen zuen Azpirozko gain aldera. Kokaleku hori, aldi berean abantailatsua eta gatazkatsua zen: babesten zuen gazteluak etsaia honen ateetaraino erakartzen zuen eta, berez, gazteluak konkista eta birkonkisten gorabeherak bizi izan zituen. Gazteluaren jabegoaren txandakatze horrek eragina izan zuen herriko bizitza eta ekonomian, interes-gatazkak sortuz bertako herritarren artean. Baina gaztelua, zalantzarik gabe, aberastasun iturri ere izango zen, honen funtzionamenduak mantenu zerbitzua eskatuko baitzuen eta soldadu-taldeak intendentzia beharrak izango baitzituen. “Txar oro iparretik dator”, Gorritin, ez da esaera soil bat, sinismen honek herrian biziraun baitu aspaldiko garaietatik hona.

Lekunberriko gaztelua

Dorretxe baten lehen erreferentzia 1280.urtean topatzen dugu, Garcia Periz de Vergara arduradun zelarik. Egurrezko eraikuntzak ziren, beren zulo eta oholesiekin. Zubiak eta lehio irristailuak zituzten baleztarientzat. Hala ere, denbora aurrera joan ahala, egurra harriagatik ordezkatzen joan zen. XV. mendetik aurrera, gotorlekuaren erreferentziak etengabeak izaten hasten dira, Goyano de Amescoaren dorrearen antza izan zezakelarik. Zaila da jakitea non kokatzen zen zehazki, nahiz eta aipatzen den Iturrigoiena mugaren ondoan zegoela, baina litekeena da bi motatako defentsa-funtzioa izatea, bata bidearen bukaeran (Malkorra ingurua) eta bestea altueran (harkaitzaren zonaldea edo Kalbario).

Sorginak eta inkisizioa

Gorteko mandatari batek Larraungo haranean sorginkeria-ikerketak egin zituen 1575ean. 44 pertsona agertu ziren auzipeturik, eta horien artean haur asko zeuden. Lehenik, Uli mendilerroko kobazuloa ezagutzera joan zen mandatariak bidalitako ikerlaria, non sorginkeria-kontzentrazioa zegoela baieztatu baitzuen. Gainerakoan, inkestaren emaitza alferrikakoa izan zen, edo hala uste izan zuen bidalitako ikerlari hark, hartutako deklarazioek sorginkeriaren existentzia ukatzen baitzuten. 

1596an, 14 pertsona atxilotuak izan ziren eta Logroñora bidali zituzten, bertan aurretik esandakoan atzera eginez, hots, sorginkeria ekintzak onartuz-. 1610 edo 1611 inguruan, Lezaetako 32 pertsona deklaratzera deitu zituzten, eta horietatik 15ek bertan akelarre bat zegoela onartu zuten itaunketetan. Gerora jakin dugu, itaunketa horietan herritarrek jasaten zituzten torturak.

Leinu gerrak

Behe Erdi Aroan Euskal Herrian izan ziren ahaide nagusien (aitoren semeen artean maila goreneko jauntxoen) arteko gatazketan, Larraungo hainbat herrik -besteak beste, Errazkin, Albiasu, Baraibar, Astitz, Arruitz, Etxarri eta Aldatzek- parte hartu zuten. Joan II.a erregeak Vianako Printzea semearen aurka egindako partidan jokatutako paperarengatik, kalte, heriotza, zauri eta lapurreta ugari jaso zituzten, eta haien etxeak erre eta hondatu egin zituzten.

Hori kontuan hartuta, eta herri horiek birpopulatzeko asmoz, erregeak 1462ko urte hartan behin betiko bertan behera utzi zituen hari ordaindu beharreko zerga nagusiak. Erregeak esaten zuen Larraungo lurrekoak Erasuko leinukoak zirela.

XVII. MENDEA: GANADU-IZURRITEA

1774an, Frantziatik zetorren azienda izurrite batek Nafarroa osoa hondatu zuen. Gaitza murmu gisa diagnostikatu zuten. Foru Diputazioak errogatibak egiteko agindu zuen, eta hainbat prebentzio neurri hartu ziren, baina ez zuten emaitzarik izan. Epidemiak urte horretako uztailetik azarora bitartean iraun zuen. Larraunen 1.591 abelburu hil ziren.

Handik urte batzuetara, 1780. urtean, hain zuzen ere, Larraungo haranak, Ultzama, Imotz, Basaburua eta Atetzekin batera, memoria bat egin eta Gorteetara bidali zuen zerri azienda libreki ateratzeko eskatuz. Lizarrako merkatura joaten ziren Erriberako herriak hornituz, ordurako pobretuta baitzeuden uzta txarren ondorioz.

DESAGERTUTAKO HERRIXKAK

En nuestro valle tenemos pruebas, tanto escritas como orales, de antiguos pueblos que desaparecieron.

Amabi

Berueten kokatutako antzinako herrixka bat omen zen, Aldatzeraino luzatzen zena.  “Amagui” grafiaz, XVI eta XVII. mendeetako herrixka hustu bat agertzen zaigu, bere mugak Itsaso, Beruete eta Aldatz artean dituena.

Markiritz

Albiasu eta Lekunberri arteko eremu zabal bat genuke, Azpirotzekin muga egiten duena.

Bere hedadura zabala dela-eta, baliteke garai batean jada hustutako herrixkaren bat-edo egotea, baina egiaz ez da hipotesi hau sostengatuko lukeen borda edo ermitarik aurkitu.

Toponimia honen jatorriaren inguruan, Koldo Mitxelena irakasleak “marka” (seinale) hitzarekin erlazionatzen du, baina “marki” antroponimoaren aukera baztertu gabe.  Era berean, XI – XII. mendeetan“Marchiniz”dokumentaturik dugula adierazten du.

Zegarrain (Zearrain)

Interesgarri litzateke toponimo hau herri hustu nahiz gainerako herrietan usadiozko den -ain atzizkiarekin erlazionatzea.  Ikus besterik eremu honi dagokion handitasuna bi ermiten agerpena (San Migeltxo de Zegarrain eta Santa Luzia).

Eraso

Antzinako jaurerri, jauregi eta baserria.  1427an 21 etxe zituen, 1553an bi besterik ez.  24 herritar geratzen ziren 1981ean. Jauregia armagintzako lurmutur bezala agertzen da eta bertako jauntxoa, 1513an jada, kuartelen ordainketara bidalitako jaunen artean agertzen da.  San Migel eliza garai gotiko goiztarrean (XVIII. mendean) harriz eginiko eraikuntza da, geroago aldaketa eta eraberritzeak nozitu zituen, gaur egungo itxura hartu arte.

1802ko dokumentu baten arabera, Erasoko parajeak lirateke honako hauek: Chaborreta, Elizondocoa, Errotaldea, Larrañeta, Lindecoa, Mascarrecoa, Goiko mendia, Oibar, Otadieta, Otadita, Sagastieta, Yllarrondo, Zugarnecoachiquía, Zurdañeta, Iturriko erretena eta Errotako erretena.

XVIII-XIX. MENDEAK: GURDIBIDEA

XVIII. mende bukaeran gurdibideak eraikitzen hasi ziren Euskal Herrian zehar, diputazioek gidatuta. 1784 eta 1793 artean eraiki zen Nafarroako Adarra deritzona. Iruñea eta Tolosa -XIX.mende erdialdean Gipuzkoako hiriburu izango zena- lotzen zituen zati horren erdibidean kokatzen zen Larraungo harana. Erromatarren galtzadak eraiki ziren garaitik lehen aldiz, bidearen zorua eta ubideak zaintzen hasi ziren hargin-lanaz. Horrekin batera, errekak gurutzatzeko zubiak eta ur-goraldiei aurre egiteko horma sendoak ere eraiki zituzten. Larraun, lehenagotik ere, igarobidean kokatzen zen; baina, ordura arteko herritar xeheak oinez eta aberatsak zaldiaren gainean mugitzen zirela eta herritarren gehiengo zabala ingurune hurbilenetik kanpo bidaiatu gabe hiltzen zela kontuan hartuta, iraultza ekarri zuten gurdibideek, bai pertsonen, bai merkantzien garraioari zegokienez.

Horrela bada, badakigu XIX. mendearen erdialdera, bailara osoan hiru irin-errota eta ikatza egiteko hainbat zentro zeudela, baita harrinabarreko harrobiak eta burdin meatzeak ere. Lekunberriko bidesari zaharreko liburuan jasotzen denez, 1881ko uztailean, idiek tiratutako 329 gurdi, 117 auto eta orga eta 600 zamari pasa ziren. Gurdien herenak ikatza garraiatzen zuen. Bestalde, garai hartan, lau eskola zeuden Larraunen.

XX. MENDE HASIERA: TRENA ETA MOTOR BIDEZKO IBILGAILUAK

Berehala, motor bidezko ibilgailuak ugaritzen hasi ziren eta gurdizain batzuek kamioiak eta autobusak erosi zituzten. Horrela, esaterako, sortu zuen La Muguiroarra konpainia Mugiroko Bentako Claudio Sorabillak 1927an.

Horrekin batera, Plazaolako trenbidea zabaldu zuten 1905ean. Hasiera hartan, Andoain eta gure eskualdeko mehatzeak lotzen zituen, merkantziak garraiatzeko. Aldiz, 1914. urterako, Iruñea eta Donostia arteko ibilbide osoa zabalik zegoen. Horrela, bidiarien garraioa indarra hartuz joan zen, funtzio hori bakarrik izateraino. Egunean hiruna tren igarotzen ziren noranzko bakoitzean, eta Uitzin eta Lekunberrin zituen bailarako geltokiak. Plazaolak beste herri batzuetako zein hiriburuetako herritarrekiko hartu-emana areagotu zuen eta horrek sozialki eragina izan zuen, bereziki Lekunberrin, non turismoaren hazkundearen ondorioz, hainbat hotel zabaldu ziren.


EUSKAL ESTATUTUARI BAIEZKOA

1932ko ekainaren 19an Udal honek Hegoaldeko lau probintziak bilduko zituen Euskal Herriko Estatutuaren (estatuto vasco-navarro) aldeko botoa eman zuen, Juan José Iriarte ordezkari jaunaren bitartez.