Skip to content

Larraun Ezagutu

Harana

Larraun Aralarren magalean bizi den harana da: paisaia zoragarriz inguraturiko 17 herri eta bertan bizi den komunitatea da. Nafarroako ipar-mendebaldean kokatzen da, Iruñeko merindadean eta Larraun-Leitzaldea eskualdean.

Iruñetik 39 kilometrotara eta Donostiatik 50era. Larraungo harana, administratiboki, bi udalerritan banatuta dago, 1995. urtean, Lekunberri udalerri independente gisa eratu zenetik.

Geografia eta klima

Larraunek 114,3 km2-ko hedadura du. Areso eta Leitzarekin egiten du muga iparraldean, Imotz eta Basaburuarekin ekialdean, Arakil eta Uharte Arakilekin hegoaldean, eta Betelu eta Araitzekin mendebaldean.

Bertako klima azpi-ozeanikoa da, euriak ugariak dira urte osoan zehar, eta uda garaian ez da hilabete idorrik izaten, baina klima ozeaniko osoan ez bezala, bertako neguak hotzak izaten dira. Urteko bataz besteko tenperaturak 8 eta 13 gradu artekoak eta prezipitazioak 1.600mm eta 2.000mm bitartekoak izan ohi dira. Urteko egun euritsu kopurua 160 eta 180 artekoa izaten da.

Landaredia klima atlantiarraren ondorio da, hosto galkorreko hainbat espezie daudelarik basoetan: pagoak, haritzak, gaztainondoak, hurritzak… Birlandaturiko zuhaitzek 220 hektarea hartzen dituzte, pinuak eta haritz amerikarrak dira batez ere.

Udalerria. Herriak eta herritarrak

Gaur egun, Larraungo udalerriak 951 biztanle ditu (INE, 2019). Azken urteetako biztanleriaren bilakaerak beheranzko eta zahartze-joera ageri du, Larraun-Leitzaldea eskualdeko zahartze-mailarik altuena (65 urtetik gorakoak %29,17 dira) eta gazte-ehunekorik txikiena (25 urtetik beherakoak, %17,46) duen udalerria delarik (INE, 2011).

Hori dela eta, egungo udal-gobernuaren lehentasuna izaten ari da egoera aztertu eta herrien hustea saihesteko neurriak hartzea.

Ekonomia

Larraun nekazal-tradizio handiko harana da, eta mendeetan zehar nekazaritza eta abeltzaintzaz bizi izan dira nagusiki larraundarrak; gure baserrietan behiak, ardiak eta txerriak hazi dira gehien. Hori agerikoa da herrietako etxe gehien-gehienen egituraketari erreparatuz gero: beheko pisuan, ikuiluan, azienda gordetzen zen neguan; lehenengoan, etxebizitza egoten zen; eta hirugarrenean, ganbaran, lastoa, belarra, artoa eta bestelako fruituak pilatzen ziren. Azken hamarkadetan ekonomikoki egoera asko aldatu den arren, oraindik ere biztanleria aktiboaren %15,81 lehen sektorean aritzen da, eskualdeko tasa altuena izanik (Cederna-Garalur, 2012); horien artean, aipatzekoa da zenbait ekoizlek ardi-gazta ere egiten dutela. Gainera, abeltzaintzatik bizi ez diren askok ere abereak hazten dituzte etxean (oilo eta oilaskoak, behor eta zaldiak…). Datu gisa, gure udalerrian, tamaina ezberdineko 135 esplotazio daude erregistratuta.

Lehen sektoreak behera egitearekin batera, herritarrak beste lanbide batzuetan lan egitera igaro dira. Gaur egun, larraundar gehienak ondoko lanetan aritzen dira: batetik, zerbitzuen sektoreko arlo ezberdinetan (merkataritzan, administrazioan, pertsona- eta enpresa-zerbitzuetan…), bertan zein hiriguneetan; bestetik, industria guneetako lantegietan (Lekunberri, Leitza, Sakana…); azkenik, turismoaren gorakada bat ere eman da, eta ondorioz, landetxe, aterpe, ostatu eta bestelakoen jarduera ekonomikoa ere hazi da.