Skip to content

Oderitz

Oderitz

Oderitz Astitz eta Madotzen artean kokatzen da, maldaxka txiki batean, Iruiondi eta Irumuga mendien behealdean. Hortaz, bertara iristeko, Lekunberriko sarrerako bidegurutzean, Madotz alderako bidea hartu behar da. Herriak 48 biztanle ditu (INE, 2019) eta 750 metro inguruko altitudean dago. Herrigunearen aldeetako batean pilotaleku irekia du, eta ondoan, herriko etxea (lehenagoko eskola) eta jolastokia.

Oderitz trikuharriz inguratuta dago. Hori dela eta, Ondare Kultur Taldearen ekimenez, bi ibilbide egokitu ziren auzolanean, 2017 eta 2018 urteetan: Jentilharribide, zeinak Pagamendi, Azolape, Milaldapa eta Pikabotz trikuharriak bisitatzeko aukera ematen duen; eta Larrazpilgo Iruintrikuharribide, Larrazpil, Lamear, Pian eta Kategaina trikuharrietatik, zein Kategaina iruinarritik, igarotzen dena.

Etxeen artean, zonaldeko herri-arkitekturaren eredu ederrak aurki daitezke; Goikoetxea, Etxatoa eta Juangonea, esate baterako, adibide esanguratsuak dira, guztiak ere armarridunak. Interesgarria da, halaber, Erdi Aroko San Lorenzo eliza, 1200. urtekoa, gutxi gorabehera, non erromanikotik gotikorako trantsizio-unea hauteman daitekeen.

Azken Berriak