Mugiro
Mugiro
Larraun ibaiaren arroilaren gainaldean kokaturik dago, Alli, Baraibar eta Aralar mendilerroari begirako bista ederrak aurrez aurre dituela. A-15 autobidetik joanez gero, 123 irteeran atera eta Olagaineko zubiko bidegurutzean Mugirorako norabidea hartuz, haritz amerikar zein bertako haritzez osatutako hariztia zeharkatuta, herrira iritsiko gara. Lekunberri aldetik iristeko aukera ere badago, duela gutxi berritutako errepidean barna. 69 biztanleko herri hau (INE, 2019) itsas mailatik 620 metro inguruko garaieran dago.
Larraun ibaiak egiten duen ibilbidearen ertzetik, garai batean Plazaola trena pasatzen zen, Iruñea eta Donostiaren arteko herri eta bailarak lotzen zituena. Gaur egun, zati handi bat bide berde gisa berreskuratu da (54 km), oinez zein bizikletaz paraje ederretan zehar paseatzeko. Mugiroko presatik San Migeltxorainoko zatia egokitu bitartean, bide alternatiboak Mugiroko herria, aldetik aldera, zeharkatzen du. Gainera, Ondare Kultur Taldeak bide berdetik abiatzen den Hiruzubide ibilbidea berreskuratu du auzolanean. Ipuinetakoak diruditen inguruetan barna doa bide hori eta ez du galbiderik, behar bezala seinalatuta baitago.
Horiez gain, aipagarria da Caballinen zentral hidroelektrikoa, zeinean Larraun ibaiak dakarren uraren energia potentziala pilatu eta energia elektriko bilakatzen den. Garai batean, inguruko herrien argi-hornidura horren eskutan zegoen.
Arkitekturari dagokionez, herriaren ekialdean San Pedro eliza dago, XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran berreraikia, Konbentzioaren gerran erabat suntsitu baitzen. Etxeak, ondo zainduak, zonaldekoen estilokoak dira eta XVII, XVIII eta XIX. mendeko etxe eder askoak topatuko ditugu, aurrealdean armarri barrokoak dituztela.
Horiez gain, ondare materialaren inguruko beste bi gune aipagarri daude Mugiron: batetik, Iturraskarrik txukundu eta denon eskura jarri zuen Perratokia, hau da, lehen lanerako erabiltzen ziren abereak geldirik eutsiz ferrak arriskurik gabe eta eroso jarri ahal izateko tramankulua; hori, sarrera librea duen estalpe batean dago, herria zeharkatzen duen errepidearen ertzean. Bestetik, pilotaleku itxiaren ondoko jolastokiaren erdian dagoen iturria, Ixkier Iturri izenekoa; izan ere, iraganean irina egiteko erabiltzen ziren errotarriekin eraiki zuen Kixmi Kultur Taldeak 1989ko abuztuan, Mugiroko Kontzejuaren babesarekin.