Arruitz
Arruitz
“Arruitz, gezur-hitz”
Iruñea aldetik etorriz gero, Larraungo ataritan dago Arruitz, herrigunea, errepidearen eskuin aldean kokatzen den euntzezko lautada zabalaren erdian kokatzen delarik, itsas mailatik 610m igurura. Gaur egun, 93 biztanle ditu (INE, 2019).
Arruitz bailaran abere gehien hazten diren herria da. Bost abeltegitan banatutako ia 2000 esne-behi, 1000 ardi baino gehiago eta 350 txerri inguru daude (2019). Azken horiek euskal-txerri arrazakoak dira -duela gutxi arte iraungitzeko arriskuan zegoena- eta modu estentsiboan hazten dituzte. Gainera, bertatik ateratako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera dago Lekunberrin dagoen denda-jatetxean.
Herriaren erdigunean, frontoi estalia dago, eta horren aurrean, belardi zabal batean hedatzen den jolastokia.
Historian zehar, hainbat korrikalari ospetsu sortu dira Arruitzen, bereziki XX. mendean, aipagarrienak honakoak direlarik: hasieran, Francisco Etxarri –Juansarrene– eta beranduago Juan Cruz Azpirotz –Txikito de Arruitz-.
Muino txiki batean 1200. urte inguruan eraikitako San Kristobal eliza dago, estilo protogotikokoa. Aurrealde gotikoa du eta XVI. mendekoa den parrokia-etxearekin multzo ederra osatzen du. Gainontzeko etxe gehienak herriaren behealdean banatzen dira. Etxe eder armarridunak topa ditzakegu, gehienak XVIII. mendekoak. Udalbarrutian, herritik atera eta Iruñerako bidean, lehenik, Arruizko Bentak ikus ditzakegu. Etxe handienean, garai batean, bertan ostatuz egoteko aukera zegoen. Bestean, berriz, errementaria bizi zen. Idatzi zaharren arabera, Larraungo Udaletxea bertan kokatu zen, udal egoitza Lekunberrira pasa zen arte. Aurrerago jarraituz gero, San Migeltxoko mendatearen jaitsiera hasten den bihurgunetik ezkerraldera, Santa Luzia baselizaren kokapen berria dago; autobiaren ibilbideak eraginda, bertara eraman behar izan zen.
Bestelako ondareari dagokionez, garai bateko gesalak ongi aski jasota daude toponimian, Gesalazarra, Gesalalde edo Gesalaldeko Bidea bezalako izenekin. Galtzin-labe izeneko barruti bat ere bada, lehen, karobia zegoen ingurunea, hain zuzen ere.