Skip to content

Kulturaldia ospatuko dugu udaberrian zehar Larraunen eta Lekunberrin

Kulturaldia ospatuko dugu udaberrian zehar Larraunen eta Lekunberrin

Apirila, maiatza eta ekaina kultur ekintzez beteko dira bi Udalek bertako eragileekin batera antolatu dugun egitarau oparoarekin.

Larraungo bailara kulturaz beteko da udaberri honetan, Kulturaldia zikloan antolatu diren hamaika ekintzekin. Lekunberri eta Larraungo Udalek eta bertako eragileek antolatutako ekintzekin Kultura-Sailak koordinatutako programazio zabal bat aurkeztu da, apirilean hasi eta ekainera arte astez aste ospatuko diren kultur eta aisialdi ekintzak batzen dituena. Ekitaldi hauen izaera anitza izango da: hitzaldiak, ikastaroak, kontzertuak eta musika emanaldiak, antzerkia, literatura, azokak eta tailerrak antolatu dira, besteak beste, eta adin guztietarako jarduerak izango direla.

Lekunberri eta Larraungo Udaletako Kultura-Sailek adierazi dutenez, egitarau oparo hau sortzea ezinezkoa izango litzateke bertako eragile eta elkarteen laguntzarik gabe. Duela zenbait hilabete sortu zen Larraungo Kultur Mahaian planteatu eta adostu da aurkeztu berri den egitaraua, eta balorean jarri nahi izan da bailarako eragile eta bizilagunen lana hau guztia gauzatzeko. Larraun bezalako bailara batek kultur proposamen anitza eta kalitatezkoa izango du hilabete hauetan eta ekintza gehienak, gainera, euskaraz izango direla.

Apirilaren 19an hasiko dira lehen ekitaldiak, “Geuretik sortuak” ekimenaren baitan gauzatu den Hamarreko bitxia liburuaren aurkezpenarekin (Maite Aizpurua eta Saioa Alkaizak emana). Ondoren, hiru saiotan banatuko den Zure Inguruko landareak ezagutzea ikastaroa hasiko da, Gorosti Zientzia Elkarteak emana, bertako landaretza ezagutzeko aukera izango dela. Horiez gain, Liburuaren Egunaren harirako ekintzak, ipuin kontalaria eta haurrentzako tailerrak ere ospatuko dira hil honetan.

Maiatzean izango dira ekintza gehienak, asteburu guztiak jardueraz beterik egingo baitira. Lehen asteburuan, hilaren 4-5ean Farrufest batukaden topaketa ospatuko da Lekunberrin, eta igandearekin Bide Berdeen Eguna ere antolatuko da Plazaolaren inguruan. Horretaz gain, sendabelarrak egiten ikasteko tailerrak hasiko dira, bi egunez izango direnak. Bigarren astean haurrentzako tailerrak; antzerki saioa ostiralean, Jon Ander Aurrestiren Eukalyptus proposamenarekin; eta larunbatean bertako Aralar Musika Eskola eta Tafallako Musika Eskolak topaketa antolatu dute, kalez kalea eta kontzertua emanez. Ondoren, 17an Nerea Urbizuk bere lan berriaren aurkezpen musikatua egingo du Astitzen, eta asteburu horretan ere ospatuko da Lekunberriko Loreen Azoka. Maiatzaren azken asteburuan ekintza ugari izango dira ere: Xabier Irujoren “Gamazada, batasunaren indarra” hitzaldia, Unai Paskualekin hitzaldi- solasaldia (Krisi ekosozialaren erdian. Zer gertatzen ari da?) gazteentzako mendi erronka eta Zinez taldeak kontzertua emango du Lekunberrin maiatzaren 25ean. Hilabetea amaitzeko, beste musika proposamena Uitzin gauzatuko da, hilaren 31n Saizan taldearen kontzertuarekin.

Azkenik, ekainean ospatuko dira Erremonte Jaialdia, Larraungo zenbait erremonte-jokalarik parte hartuko duena, Ibarberri Ikas Komunitateko festa eta Aralar Musika Eskolaren ikasturte- amaierako kontzertua. Kulturaldiaren amaiera Larraungo Egunarekin batera izango da, hilaren 15ean, aurtengoan Baraibarren ospatuko dena.

Bi Udalek elkarrekin lanean egon ostean sorturiko egitarau oparo honen ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu diete bailarako biztanle guztiei. Egitarau osoa biltzen duen esku-orri bat bidaliko da bailarako etxe guztietara, eta eskuragarri izango da ere Udal bulegoetan eta Mitxausenea liburutegian.