Ostiralean Larraungo Boulderra estreinatuko dugu

Iritsi da eguna! Ostiralean 18:00etan Baraibarko Harrilatz Boulder aretoaren inaugurazioa izango dugu. Hura probatzeko aukera, bide ezberdinak nola egin ikasi eta Lunch txiki bat egingo dugu.

KUDEA>Go! mugikortasun kolaboratiborako zerbitzu berria abian da.

Gure herrien arteko mugikortasuna erreztuko duen aplikazioa jada zure mugikorrean izan dezakezu.

Nafarroako Mendialdeko zenbait udalen babesaz, tartean Larraungo eta Lekunberriko Udalak, bertatik sortutako mugikortasun kolaboratiboko proiektua abian jarri da. KUDEA>Go! eguneroko joan-etorriak zure herriko eta eskualdeko pertsonekin parteka ditzakezu, haien artean inolako transakzio ekonomikorik egin gabe. Aplikazio horren bidez, landa-eremuko biztanleak eskualdeko biztanleekin harremanetan jar daitezke, garraiobidea partekatzeko eta, hartara, eskualde osoko mugikortasun jasangarria sustatzeko.

Landa-eremuetan erabiltzeko pentsatutako eta diseinatutako aplikazioa da, non garraio-soluzioen beharra bereziki larria baita. Gainera, aplikazio horri esker, udalerrien eta bertako biztanleen arteko konektagarritasun handiagoa lortuko da. Zerbitzu honekin, landa-eremuan eragiten diguten gaietan sakontzea nahi dugu: despopulazioa, mugikortasunaren eta ingurumenaren arteko desberdintasunak. Komunitatean, kohesio sozio-ekonomikoan eta topaketan eragin positiboa izango duen tresna.

 

Funtzionamendu sinplea

KUDEA>Go! bi hizkuntzatan erabil daiteke, gaztelaniaz eta euskaraz, eta dagoeneko eskuragarri dago App Store eta Google Play-n: https://play.google.com/store/apps/details?id=app.journey

Gailuan instalatu ondoren, erabiltzaile bakoitzak erregistratu egin beharko du erabiltzen hasteko. Oso erraz funtzionatzen du: aplikazioaren bidez egin diren eskaera guztiak agertzen diren iragarki-taularen bidez, eremu bakoitzean une jakin batean zer garraio-eskaera dauden ikus daiteke. Ibilbide bera egin nahi duen estaldura-eremu interesgarrian norbait aurkituz gero, pertsona horrekin harremanetan jartzeko eta tresnak eskaintzen duen txataren bidez xehetasunak ixteko aukera ematen du.

KUDEA>Go! beste funtzio batzuk ere baditu, hala nola galtzadan gertatzen diren gorabeheren berri ematea gainerako erabiltzaileei (errepide-mozketak, animaliak pasabidea oztopatzen, ikuspen-baldintza txarrak, etab.). edo pertsona bakoitzak bere ekintza eremua sortzeko aukera, eguneroko mugikortasun beharren arabera. Garraio-eskaerak edozein unetan alda eta ezezta daitezke. KUDEAren YouTubeko kanalak bideoerakustaldia eskaintzen du, tresnaren funtzionamenduari buruzko xehetasun gehiagorekin.

Elkarlanean landutako Larraungo boulder-aren proiektua, bukatzear.

Urte hau bukatzerako eskalada-gune berriaren eraikuntza bukatuta egotea eta urte berriko urtarrilean inauguratzea aurreikusten da.

Larraungo Udala herritar-talde batekin elkarlanean, eta Baraibarko Kontzejuaren laguntzaz, eskalatzeko gune baten proiektua garatzen aritu da azken urtebetean zehar. Lan hori guztia bere fruituak ematear dago, izan ere, urte hau bukatzerako eskalada-gune berriaren eraikuntza bukatuta egotea eta urte berriko urtarrilean inauguratzea aurreikusten da. Halaber, elkarlaneko bide oso bat ibili izan da honaino iritsi arte.

Herritar-talde bat Larraungo Udalarekin harremanetan jarri zen bailaran eskalada praktikatzeko espazio bat sortzeko proiektu berri bat abiatzeko asmoz.

Aurreko ikasturtean, azken urteetan rokodromoaren inguruan lanean ibili izan den herritar-talde bat Larraungo Udalarekin harremanetan jarri zen, bailaran eskalada praktikatzeko espazio bat sortzeko proiektu berri bat abiatzeko asmoz. Boulder deritzonaren proiektua landuta, Udaleko kirol-zinegotzi den Xabier Azpirotzekin eskuz esku lanean hasi ziren. Instalazio egoki baten bila jarri eta Baraibarko eskola-etxea zenaren aukera egoki ikusi zen. Horrela, Baraibarko Kontzejuari proiektuaren berri eman eta eskuzabalik hartu zuten ekimena, gunearen erabilera-zesioa egiteko prestutasuna adieraziz. Jarraian, auzolan batzuk deitu ziren, gunea egokitu, azaleko garbiketa egin eta hurrengo pausuetarako prest uzteko. Horrela bada, instalazio elektrikoa egokitu eta eskalada praktikatzeko piezak jartzea izango lirateke azken eginbeharrak.

Auzolan batzuk deitu ziren, gunea egokitu, azaleko garbiketa egin eta hurrengo pausuetarako prest uzteko.

Hori horrela, eskalada-taldetik 2020ko aurrekontuetan bailarako bi udalek 15.000 euroko diru partida bana jartzea eskatu zuten proiektua martxan jartzeko. Larraungo Udalak, bere partetik, ongi ikusi zuen herritar-talde baten ekimenez eta ilusioz abiatutako proiektua bultzatzea. Hortaz, ordura arteko lankidetzari eutsi eta inbertsio ekonomiko hori egiteko erabakia hartu zen, aurrekontuetan diru-partida hori erantsiz. Pandemia garaiak erdian harrapatu arren, Larraungo Udaletik Nafarroako Gobernuak ateratako diru laguntza bat lortzeko eskaera egin zen, kirol instalazioak erreformatzeko edo egokitzeko bideratutakoa. Bertan, beste 15.000 euroko diru-laguntza izateko aukera egon zitekeen arren, laguntza horiek udalerri handietako kirol instalazioetara bideratu ziren gehienbat, herri txiki eta ertainetako proiektuak alde batera utziz.

2020ko aurrekontuetan bailarako bi udalek 15.000 euroko diru partida bana jartzea eskatu zuten proiektua martxan jartzeko. Larraungo Udalak, bere partetik, ongi ikusi zuen herritar-talde baten ekimenez eta ilusioz abiatutako proiektua bultzatzea.

Arazoak arazo, bailarako boulder proiektu honen aldeko apustuan aurrera egin dugu, bailarako eta eskualdeko biztanleentzako zerbitzu berri bat eta aisialdi-aukera osasuntsu bat izango baita, gainera, gure ingurunearekin lotura estuagoa sortu lezakeena. Horrez gain, herri eragileen ilusio eta konpromezutik abiatutako ekimenek are balio handiagoa dute, herritarrak ahaldundu eta guztiona denaren gaineko ardura hartzeko baliagarri izan daitezkeelako. Hortaz, prozesu honetan zehar eskalada-taldearen gogoa eta konpromezua zein Baraibarko Kontzejuaren eskuzabaltasuna eskertu nahi ditugu, baita egiten ari garen bide honetan instituzio eta herritarren arteko elkarlana balioan jarri ere.

Eskalada-taldearen gogoa eta konpromezua zein Baraibarko Kontzejuaren eskuzabaltasuna eskertu nahi ditugu, baita lantzen ari garen instituzio eta herritarren arteko elkarlana balioan jarri ere.

 

Bioeraikuntzaz gehiago jakiteko aukera, larunbat honetan.

Izena ematea ezinbestekoa da

Larunbat honetan, azaroaren 28an, bioeraikuntzaren inguruko hitzaldi-tailerra eskainiko dugu Ura eta Lurra proiektuaren barruan. Indarrean dauden osasun-arauak jarraituz, 16 pertsonentzako aforoa izanen da Larraungo Udaletxera bertaratu nahi dutenentzako. Bestalde, online zuzenean jarraitzeko aukera ere eskainiko dugu, etxetik ikustea nahiago dutenentzat.

Bi kasuetan, izena ematea ezinbestekoa da, zenbaki honetara mezu bat bidaliz: 621 299 301.

Mendialdeko Azoka Baraibarren: Larraun Ura eta Lurra proiektua egoera berrira egokituz.

“Ura eta Lurra proiektuaren bidetik, gure ingurunetik sortutakoa balioan jarri, ikusgarri egin eta bertatik bertarako ekonomia bultzatzea helburu izango du”

Larraun Ura eta Lurra etenaldian izan da orain arte, COVID-19aren bilakaeraren ondorioz Nafarroako Gobernuak hartutako neurriak zirela-eta. Horrela bada, egoera aztertu eta Larraun Ura eta Lurra proiektua egoera berrira egokitzea erabaki da, gure eskualdeko ekoizleen produktuak eskainiko dituen azoka antolatuz.

Larraungo Udalak, CEDERNA-GARALUR garapen agentzia eta Plazaola turismo partzuergoarekin batera, eta bertako ekoizleekin harreman estuan, Mendialdeko Azoka antolatu du. Ura eta Lurra proiektuaren bidetik, gure ingurunetik sortutakoa balioan jarri, ikusgarri egin eta bertatik bertarako ekonomia bultzatzea helburu izango du azaroaren 22an gauzatuko den ekimen honek.

Eskualde mailako ekimen koordinatua

Aipatzekoa da eskualde mailan partekatutako hausnarketa baten ondorio dela, eta inguruko udalerriekin batera koordinatutako azoka ezberdinen testuinguruan kokatzen dela; izan ere, aste hauetan zehar Goizuetan, Leitzan eta Araitzen ere azokak antolatzen ari dira, batzuen eta besteen arteko sinergiak bilatuz eta azoka horietan erosteko ohitura sustatzeko asmoz.

Horrela bada, herritar guztiei egiten diegu dei igandeko azokara bertaratu eta nahi izanez gero bertako produktuez gozatzeko aukera baliatzeko. Osasun-neurriak zorrotz betetzen direla bermatuko dugu.