Skip to content

Despopulazioaren kontrako 10 proiektu aurkeztu ditugu Larraungo kontzejuekin elkarlanean

Despopulazioaren kontrako 10 proiektu aurkeztu ditugu Larraungo kontzejuekin elkarlanean

Larraun bizigarriagoa egin nahi duten proiektu hauek guztira milioi erdi euroko kostua dute eta Nafar Gobernuaren diru laguntza jaso asmo dute.

Larraun despopulazio arrisku bizian dagoen Nafarroako bailaretako bat da eta horri aurre egiteko politika berritzaileak behar dira. Ideia horretatik abiatu dira Larraungo Udala eta kontzejuak, eskuz esku bailarako herriak bizigarriagoak egiteko erronkari helduta.

Uda hasieran Nafar Gobernuko Tokiko Administrazio eta Despopulazio Zuzendaritza Orokorrak despopulazioaren aurkako inbertsioetarako diru laguntza deialdia martxan jarri zuen eta Larraungo Udalak eta kontzejuek elkarlanean 10 proiektu aurkeztu dituzte dagoeneko.

“Eguneroko arazo eta kudeaketatik harago gure udalerrian eraldatzaileak diren politikak, egin moldeak eta ekintzak aurrera eramaten ari gara, denak batera bailara ikuspegiarekin Larraun bizigarriagoa izan dadin” azaldu du Larraungo alkate Mikel Huartek.

Zentzu horretan, udalaren eta kontzejuen arteko elkarlana proiektu hauek aurrera ateratzeko ardatza izan dira alkatearen hitzetan, “udala, kontzejuak eta herritarrak batera lan eginez bailara hobetzeko aukerak biderkatzen dira, elkarrekin aurrera goaz”.

578.000 euroko proiektuak
Osotara 10 proiektu aurkeztu dituzte, Udalak bailara mailako ikuspegiarekin bi aurkeztu ditu eta kontzejuek beste zortziak prestatu dituzte tokian tokiko beharrei erantzun asmoz. Nafar Gobernuak proiektu hauen gastuaren %75a finantzatzeko aukera dago, proiektu bakoitzeko gehienez 60.000 euro finantzatuz.

Legegintzaldia hasi zenetik Larraungo Udalaren helburuetako bat bailarako ikerketa soziologiko bat egitea izan da, Larraun zein Lekunberriko erradiografia sakona egitea arazo eta erronka nagusiak identifikatu eta etorkizunera begira lan ildoak zehazteko. Proiektu honek 25.000 euroko kostua izango luke.

Udalak aurkeztu duen bigarren proiektuak alokairu publikoa sustatzera dator. “Larraun bezalako bailaratan alokairuzko oso etxebizitza gutxi daude eta gazteek arazo handiak dituzte bailaran bizi ahal izateko” azaldu du Josu Oreja Larraungo Garapen zinegotziak. Horren aurrean, 120.000 eurorengatik Udalak etxe bat erosi eta alokairu publikoko bi etxebizitza atontzeko proiektua aurkeztu du.

Herriz herri
Orejaren iritziz kontzejuek Udalaren laguntzarekin aurkeztutako 8 proiektuek “belaunaldien arteko lotura indartu nahi dute, herriarekiko errotzea sendotu, kohesioa eta bizitza soziala gotortu”.

Azpirotzek, adibidez, hutsik dagoen ostatu zaharreko teilatua zaharberritzeko eta erabilera anitzeko leku bat prestatzeko 70.000 euroko proiektua aurkeztu du, etorkizunean alokairuzko beste bi etxebizitza gehiago atera ahal izateko aukera emango lukeen egitasmoa.

Norabide berean, Etxarrik 72.000 euroko proiektua aurkeztu du ostatua berritu eta erabilera anitzeko bilgune bat sortzeko eta Gorritik kontzeju etxea erreformatu eta erabilera anitzeko espazioa sortzeko 45.000 euroko proiektua aurkeztu du. Errazkinek ere herriko elkartearen ondoan terraza bat egiteko 14.000 euroko proiektua aurkeztu du herriko elkargune gisa indartzeko.

Astizek, bere aldetik, aterpea berriz martxan jartzeko 21.000 euroko proiektua aurkeztu du; Aldatzek ostatua zaharberritu eta alokairuan jartzeko 113.000 euroko proiektua eta Uitzik parkeko jolas parkea berritzeko 11.000 euroko proiektua.

Azkenik, Baraibarrek herriko erdigunea eta elkargunea den ostatuan sukalde guztia zaharberritzeko 87.000 euroko proiektua aurkeztu du, herritarrei zein turistei zerbitzu hobea eman ahal izateko.

Jardunaldiak udazkenean
Dena dela, despopulazioari aurre egiteko dirua baino gehiago behar da, hala azaldu du Huartek, “gure bailara bizigarriagoa egiteko politika publikoak berrasmatu beharra dago, hausnarketa bultzatu eta kanpoko esperientzietatik ikasi nahi dugu”.

Helburu horrekin Larraungo Udala despopulazioari buruzko bi eguneko jardunaldiak prestatzen ari da udazkenerako. Lehen egunean etxebizitza politika esperientzia berritzaile eta arrakastatsuak aztertuko dituzte eta, bigarren egunean, despopulazioari aurre egiten ari diren protagonistekin mahai inguru zabala osatuko da, hausnarketari eta eztabaidari bide emanez.