Iribas
Iribas
Baraibarrekin batera osatzen duen goi-lautadaren ekialdeko ertzean dago kokatuta Iribas. Herritik hego-ekialdera, Larraun Ibaiaren sorburu den harantxoa dago eta kontrako norabidean, Baraibar alderako euntze lauak -baita herri horretaraino heltzen den bidea ere-. Autoz iristeko, Lekunberritik Madotzerantz doan errepidea hartu eta Alliko errotako zubira iristerakoan, zeharkatu gabe, eskubirantz jo behar da. Iribasek 43 biztanle ditu, eta itsas mailarekiko 610 metro inguruko garaieran dago.
Herriko etxeak lautadan hedatzen dira. Arkitektura aldetik, etxalde interesgarriak dira; baita XIII. mende hasierako eliza protogotikoa ere, San Joan Bataiatzailearen omenez eraikia, dorre eder eta estilizatuarekin eta arkupe batek babesten duen portada ederrarekin. Bestalde, herri sarreran, tamaina txikiko pilotaleku estali ederra du.
Iiribasera joanez gero, Basakaitz (Larraun Ibaiaren sorrera) eta Aitzarrateta (Etzillarena) iturburuetarako ibilbidea bai ala bai egin beharrekoa da. Herrira iritsi aurretik ezkerraldean dagoen aparkalekutik hasiz gero, zuzenean Basakaitz iturburura iritsiko zara, Larraun ibaiaren sorrerara, alegia. Bide horretatik jarraituz gero, Lezegaldeko leize-zulotik eta Ertzillaren isurbidetik pasaz, eta bi horien artean, lur azpian izkutatutako errekaren albotik, Aitzarratetara iritsiko zara. Bertatik, herrira bide zuzenago batetik itzultzeko aukera ere badago, baita bidea hasieratik alderantzizko norantzan egitekoa ere.