Skip to content

Bailararen garapen urbanistiko jasangarrirako bi hitzarmen sinatu ditugu Aierdi lehendakariordearekin

Bailararen garapen urbanistiko jasangarrirako bi hitzarmen sinatu ditugu Aierdi lehendakariordearekin

Nafarroako Gobernuak Udal Plan Orokorra idazten lagunduko digu eta 450.000 euro emango dizkigu Azpirotzen, Etxarrin eta Oderitzen erabiltzen ez diren hiru etxebizitza alokairurako birgaitzeko.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak bi hitzarmen sinatu ditu gaur goizean Larraungo Udalarekin, udalerri horretako Udal Plan Orokorra idazten laguntzeko eta erabiltzen ez diren hiru etxebizitza alokairu sozialera bideratzeko, hurrenez hurren.

Jose Maria Aierdi lehendakariorde eta Etxebizitzako titularrak eta Mikel Huarte Larraungo alkateak bi lankidetza-akordio horiek sinatu dituzte gaur goizean, Nafarroako Jauregian izandako topaketa batean. Izaskun Abril Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak ere parte hartu du ekitaldian.

Sinatutako lehenengo hitzarmenean, Larraungo Udalak 120.000 euroko aurrekontua izango du, Nafarroako Gobernuak % 80an diruz lagunduta, Udal Plan Orokorra idazteko. Planaren helburua, besteak beste, udalerriaren hirigintza-garapen jasangarrirako eta bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko hainbat neurri ezartzea izango da.

Hitzarmenak jasotzen duenez, hirigintza inklusiboko irizpideen arabera, herria egungo bide-sarearekin lotzea, oinarrizko azpiegiturak eguneratzea eta Aralar eta Belate mendiak, Larraun eta Araxes ibaiak, Mendukiloko haitzuloak eta Malloen edo Gorriti eta Uitzi inguruen paisaia-balioa babestuko dira.

Etxebizitzak birgaitzea
Bigarren akordioaren arabera, Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiak 450.000 euroko diru-laguntza emango dio Larraungo Udalari, haranean alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak birgaitu edo egokitzeko. Neurri horrekin, herria alokairuko etxebizitzen parke publiko batez hornitzea eta despopulazioa saihestea aurreikusten da, bizilagun berriak erakarriz edo haien martxa saihestuz, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa delako.

Zehazki, hiru etxebizitza jarriko dira: bat Azpirotzeko Ostatu etxean, San Esteban kalean; beste bat Etxarriko Ostatuan, Santa Cruz kalean; eta familia bakarreko hirugarren etxebizitza bat Oderitzen, San Lorenzo kalean, Larraungo haraneko herrietan. Hiru higiezin horien birgaikuntza azaroaren 25a baino lehen amaitu beharko da.