Skip to content

Langabetuei lana bilatzen laguntzeko lan orientazioko zerbitzua

Langabetuei lana bilatzen laguntzeko lan orientazioko zerbitzua

Gaurtik aurrera orientazio zerbitzua eskainiko da 2 astetik behin Leitzan (Mimukaien) eta Lekunberrin (Udaletxean), orain arte Donezteben edo Iruñeko enplegu bulegoetan ematen zen bakarrik.

Lan bila bazabiltza, interesatzen zaizu apiriletik aurrera Mendialdeak lan-orientazioko zerbitzu berri bat duela Ilundain Fundazioak eta Nafar Lansarek eskainia, Cederna Garalurren laguntzarekin. Zerbitzuaren helburua langabeei edo enplegua hobetzen ari direnei lana bilatzen laguntzea da. Hilabeteko lehen eta hirugarren astearteetan eskaintzen da, Leitzako Mimukai zentroan eta Lekunberriko Udalean, zerbitzuaren eskaeraren arabera.

Izena eman duten pertsona guztiei, zerbitzuak lana bilatzeko aholkularitza indibidualizatua eskaintzen die, baita lan-eskaintzak eta prestakuntza eta birkualifikazio ekintzak bilatzeko laguntza ere. Egiten diren ekintzen barruan, eta pertsona bakoitzaren eskaeraren arabera, alderdi hauek lantzen dira: curriculum vitaeak egitea, enplegua bilatzeko teknikak aplikatzea, lan-merkatuari buruzko informazioa ematea, lan-elkarrizketak prestatzea, gaitasun digitalak hobetzea, esperientzia egiaztatzea edo enplegua bilatzeko zeharkako gaitasunak hobetzea.

Gainera, beste jarduera batzuk ere antolatuko dira, hala nola orientaziorako talde-tailerrak edo inguruko enpresekin solasaldi txikiak, erakunde horiek kontratazio eta prestakuntza beharrak ezagutzeko. Programan parte hartzen dutenek, gainera, Ilundain Fundazioaren lan poltsan sartu ahal izanen dute, Incorpora programaren bidez.

Proiektu hau garatzeko, Ilundain Fundazioaren eta Cederna Garalur Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena ezarri da; Ilundain Fundazioak garatzen duen lan-orientazioko programaren eta Cederna Garalur Elkartearen ekintzailetzari laguntzeko proiektuaren artean arreta-espazioak partekatzeko eta lankidetza-sinergiak ezartzeko.

Lan-orientazioko ekintza horietara jo nahi baduzu, Enplegu Agentziara jo dezakezu, eta orientazio-zerbitzua eskatu. Bestela, zuzenean eman dezakezu izena orientacion17@fundacion-ilundain.com postan, edo 629 566 992 telefonoan. Programa honetan sartzeko baldintza bakarra enplegu eskaera aktibo izatea da, edo enplegua hobetzeko egoeran egotea.

Erakunde laguntzaileen bidezko orientazioa
2017an, SNE-NLk “orientazio-sistema bakarra” ezarri zuen, eta organismoa da zerbitzu horretara sartzeko ate bakarra. Hortik aurrera, pertsonak artatzen ditu zuzenean, edo zerbitzua indartzeko kontratatutako erakunde laguntzaileetara bidaltzen ditu. Kontratu hau hainbat loteren bidez kudeatzen da: desgaitasuna duten pertsonak, egoera ahulean edo kalteberatasun-arriskuan daudenak, eta gainerako enplegu-eskatzaileak. Ilundain Fundazioari esleitu zaio azken hori, eta Cederna Garalur Elkartearekin lankidetza-hitzarmen hau bultzatu da.

Egungo sistemak orientazio ireki eta malguko zerbitzu eredu bat bultzatzen du bere prozesuan, eta pertsona bakoitzak behar duen arreta kopurua jasotzen du. Horrela, etengabeko arreta bermatzen da, pertsonaren beharren arabera. Aholkularitza emateaz gain, erakundeek enpresekin prospekzio lanak egiten dituzte kontratazioa sustatzeko.