Skip to content

Zerbitzu sektorean euskara areagotzeko ‘Bertatik bertara’ kanpaina abiarazi dugu

Zerbitzu sektorean euskara areagotzeko ‘Bertatik bertara’ kanpaina abiarazi dugu

UEMAk eta Araitz eta Larraungo udalen ekimena da eta zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko helburua du.

Hirugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte UEMAk eta bertako kide diren dozenaka udalek, tartean Araitz eta Larraun. eta 250.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziek ere egingo dute bat kanpainarekin, iaz bezala. Ekainaren 21etik irailaren erdialdera izango da kanpaina.

Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.

Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.