Skip to content

Osasun Etxeko goiko solairuan aire girotua instalatu dugu

Osasun Etxeko goiko solairuan aire girotua instalatu dugu

Udako tenperatura altuak saihesteko, egitasmo honekin osasun langileen eta erabiltzaileen eskariari irtenbide eman diogu.

Lekunberrin kokatzen den Osasun Etxea Larraungo Udalaren ardura da eta 2017an solairu berri batekin handitu egin zuen. Bertan kokatu ziren mediku baten kontsulta, erizain batena eta herritarren errehabilitaziorako fisioterapia gunea, bailaraz gaindiko zerbitzua ematen duena.

Ordutik, udako egun beroetan solairu berri horrek hartzen duen tenperatura altuek kexa ugari sortu dituzte, bai osasun langileen bai herritarren aldetik. Hainbat teknikariren gomendioei jarraiki, Larraungo Udalak haize egokituko sistema instalatu berri du Nafar Gobernuarekin proiektua adostu ostean.

Larraungo Udalak adierazi du lan hauekin osasun zerbitzuaren kalitatea hobetu eta osasun langileen lan baldintzak hobetzeko ardura hartu duela, 2017tik luzatzen zen arazo bati behin betiko irtenbidea emanez.

Instalazio lanak
Haize egokitua instalatzeko lanak ekaineko bigarren hamabostaldian egin dira eta osasun zerbitzua ahalik eta gutxien kaltetzeko 2 aste eskasetan egiteko erronka bete da. Eraikinaren kanpoaldean bi bero-ponpa eta hotz-beroko lau trukagailu jarri dira, gela bakoitzean bana.

Egitasmoaren kostua 8645,45 eurokoa izan da, BEZa barne, eta Nafar Gobernutik jasoko dugun diru laguntza bati esker osorik finantzatuko da.