Skip to content

Martxan da gurasoentzako ERA eskolen III. edizioa

Martxan da gurasoentzako ERA eskolen III. edizioa

Aurten Amelia Barquin, Kike Amonarriz eta Nerea Permach hizlariak ditugu eta saio guztiak ERA.eus-en YouTube kanalean eta podcast formatuan eskuragarri daude.

Zoriontasuna eta ongizatea, horixe da gurasoek seme-alabentzat nahi dutena. Eta hori helburu aldiro ari dira erabakiak hartzen, izan elikaduraren inguruan, edo osasunarenean, nola lotarako errutinen inguruan… beti dabiltza hautu egokienaren bila. Bada, horietan bezala, hizkuntzarekin lotutakoak ere sarri hartzen dira.

Eta batzuetan erabakiak hartzea ez da nahi bezain erraza. Informazioa falta zaigula iruditzen zaigu, gai guztietan jantzita egotea ezinezkoa dela, ondokoari entzun arte gai horretan inoiz ez dugula pentsatu… Horri begira, hain zuzen ere, eta inor ez denez ikasia jaio, ERA Eskola sortu zen 2020an: gurasoentzako trebakuntza online.

Bideo eta podcast formatuetan
Aurreko bi edizioak bideo formatuan eman ziren, baita honako hau ere. Baina aurten, horrez gain, Podcast formatuan ere eskaintzen dugu trebakuntza. Izan ere, audio formatuak aukera ematen du hitzaldiak entzuteko paseoan zaudela, autoa gidatzen edo busean, etxeko lanak egiten… Hartara, bi zerrendatan antolatu ditugu hitzaldiak, euskarazko ERA Eskolak programa eta gaztelaniazko ERA Eskola programa.

Hemen duzu bideo-sortetako bat, Nerea Permach, Hezkuntzan graduatua eta Psikodidaktikan doktorea, «Euskararen sustapena, nerabezarorako trantsizioan» hitzaldia hiru bideo eta azpigaitan barreiatuta:

Aurreko edizietako materiala
ERA Eskolaren hiru edizioak Baliabideen atalean dituzue eskura, Gurasoentzako Aholkuak azpiatalean.