Ekainaren 18, 19 eta 20an Larraungo Eguna ospatuko dugu

Ostiralean, motorrak berotzen hasteko, Lekunberriko Plazaola Aretoan gune digitalaren aurkezpena izango da.

Larunbatean hainbat jarduera izango dira herri ezberdinetan: goizean Uitzin pilota partidak eta konpartsa; Arratsaldean oderitzen “Urpekariak” haurrentzako antzerkia eta Astitzen bertso saioa Amets Arzallus, Eneko Lazkoz eta Ekhiñe Zapiainekin.

Asteburuarekin jarraitzeko, igande goizean Etxarrin euskal mitologiari helduta adin guztientzako “Jokai” jolasak izango dira. Arratsaldean, aldiz, Albiasun Ane Martijaren eta Baizera! taldearen kontzertuak izango dira.

Ikusi kartela:

Aralar mendilerroan turismo informatzaile lanpostu bat kontratatzeko deialdia

Lan deialdia

Larraungo Udalak, Sakanako Mankomunitatearekin eta Plazaola Partzuergoarekin elkarlanean, uztailean, abuztuan eta irailean Aralar mendilerrora iristen diren bisitariei arreta eta informazioa emateko pertsona bat oposizio-lehiaketa bidez kontratatzeko deialdia abiarazi du.

Langile honen funtzioa inguruko erabilera publikoari (jarduerak, ingurune naturala, zerbitzuak, etab.), inguruneko jardunbide egokiei eta inguruneaz gozatzeko gomendioei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkuak ematea izango da, inork natura-, kultura-, paisaia- eta ingurumen-balioak arriskuan jar ez ditzan. Horrekin batera, mendilerroaren eta bere ingurune geografikoko (Sakana eta Plazaola eskualdeak) eskaintza turistikoaren berri emango du.

Nafar Lansarek lanpostu honen sorrera diruz lagunduko du eta ekainaren 16ra arte dago deialdian izena emateko epea.

Oinarri orokorrak eta eskabide-eredua (pdf)*

* Oharra 2021/06/10
2.1.c) oinarriak erdi-mailako edo batxilergoko titulazioari erreferentzia egiten dio.

Larraunen inmatrikulatutako ondarea berreskuratzeko lanean hasi gara

Elizak 60.000-100.000 ondasun inmatrikulatu ditu Estatu osoan eta Nafarroa horiek berreskuratzeko borrokan aitzindaria da. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma 2005. urtean lanean hasi zen eta ordutik erreferente bat da.

Pasaden astean Araitz, Arakil, Basaburua, Imotz, Lekunberri eta Larraungo udalerrietako eta kontzejuetako hainbat ordezkari Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kide Jose Mari Esparza eta Andres Valentinekin bildu ginen. Lanketa honen helburua elizak inmatrikulatutako higiezinak herrien jabetzara bueltatzea da; ez da eliza katolikoaren edota erlijioaren aurkako borroka, ezta gutxiago ere,  espolioaren aurkakoa baizik.

Bilkura hau ondasunak berreskuratzeko norabidean urteak iraungo dituen elkar lanerako hastapena izan da, kontzejuak udalekin eta udalak plataformarekin batera aurrera urratsak emateko abiapuntua.