Aralar mendilerroan turismo informatzaile lanpostu bat kontratatzeko deialdia

Lan deialdia

Larraungo Udalak, Sakanako Mankomunitatearekin eta Plazaola Partzuergoarekin elkarlanean, uztailean, abuztuan eta irailean Aralar mendilerrora iristen diren bisitariei arreta eta informazioa emateko pertsona bat oposizio-lehiaketa bidez kontratatzeko deialdia abiarazi du.

Langile honen funtzioa inguruko erabilera publikoari (jarduerak, ingurune naturala, zerbitzuak, etab.), inguruneko jardunbide egokiei eta inguruneaz gozatzeko gomendioei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkuak ematea izango da, inork natura-, kultura-, paisaia- eta ingurumen-balioak arriskuan jar ez ditzan. Horrekin batera, mendilerroaren eta bere ingurune geografikoko (Sakana eta Plazaola eskualdeak) eskaintza turistikoaren berri emango du.

Nafar Lansarek lanpostu honen sorrera diruz lagunduko du eta ekainaren 16ra arte dago deialdian izena emateko epea.

Oinarri orokorrak eta eskabide-eredua (pdf)*

* Oharra 2021/06/10
2.1.c) oinarriak erdi-mailako edo batxilergoko titulazioari erreferentzia egiten dio.

Larraunen inmatrikulatutako ondarea berreskuratzeko lanean hasi gara

Elizak 60.000-100.000 ondasun inmatrikulatu ditu Estatu osoan eta Nafarroa horiek berreskuratzeko borrokan aitzindaria da. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma 2005. urtean lanean hasi zen eta ordutik erreferente bat da.

Pasaden astean Araitz, Arakil, Basaburua, Imotz, Lekunberri eta Larraungo udalerrietako eta kontzejuetako hainbat ordezkari Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kide Jose Mari Esparza eta Andres Valentinekin bildu ginen. Lanketa honen helburua elizak inmatrikulatutako higiezinak herrien jabetzara bueltatzea da; ez da eliza katolikoaren edota erlijioaren aurkako borroka, ezta gutxiago ere,  espolioaren aurkakoa baizik.

Bilkura hau ondasunak berreskuratzeko norabidean urteak iraungo dituen elkar lanerako hastapena izan da, kontzejuak udalekin eta udalak plataformarekin batera aurrera urratsak emateko abiapuntua.

Mendialdeko Azoka Ibiltaria Larraunera iritsiko da igandean

Araizko bailarari lekukoa hartuz Larraunen txanda iritsi da eta Aldatz herria izanen da Mendialdeko Azoka Ibiltariaren hurrengo geltokia. Iaz ekimenak arrakasta handia izan zuen eta aurten beste 9 edizio antolatu dituzte, Aldazkoa bigarrena izango delarik.

Azoka honen helburua eredu jasangarri eta arduratsua lantzen duten inguruko abeltzainen, nekazarien eta artisauen produktuak bitartekaririk gabe sustatzea, ikusaraztea eta saltzea. Hala, askotariko salmenta-postuak izanen dira, hala nola haragia, barazkiak, gazta, taloak, eztia, mermeladak, garagardoa, olioa, ukenduak, sendabelarrak, zapatak, zeramikak edota egurrezko tailak.

Horrekin batera, 12:30ean Habelarte mendialdeko baserritarren elkartearen aurkezpena izango da, nekazaritza ekologikoa eta elikadura burujabetza bultzatzen duen tokiko 18 ekoizleren bilgunea.

Ekimena Larraungo Kultur Hilabetearen baitan kokatzen da eta Aralar Musika Eskolako kideek goiz guztian zehar azoka girotuko dute.

Gaztainondoaren aukera berriak
Azoka egunaren bezperan Larraungo Ura eta Lurra herri ekimenak gaztainondoari buruzko mahai ingurua prestatu du bailarako Kultur Hilabetearen baitan.

Bierzoko Gaztainondoen Mahaiko idazkari teknikoa eta Estatuko Gaztainondoen Sareko kide Roberto Rubiok Bierzoko (Leon) esperientziak azalduko ditu eta Nafarroako Gobernuko Bidasoa Eskualdeko mendi teknikari Mikel Diaz-Osesek Nafarroan egiten ari diren gaztainondoaren errekuperazio lanak aurkeztuko ditu.

Larunbatean 19:00etan Etxarrin izanen da hitzaldia.

Larraungo boulderraren eraikuntza lanak udazkenean bukatuko dira

Irekiera publikorako beharrezkoak diren irisgarritasun-arrapala eta sute-irteera atontzea falta da.

Hilabeteak dira Larraungo Udala herritar-talde batekin eta Baraibarreko Kontzejuarekin elkarlanean Baraibarreko eskola-etxe zaharrean eskalatzeko gune bat eraikitzen ari direla. Proiektua oso aurreratuta dago, lehenengo fasean boulderra izena duen eskalatzeko gunea eraiki da eta orain, bigarren fasean, eraikina bera atontzeko lanak hasiko dira.

Zehazki, irekiera publikorako baldintzak betetzeko legez beharrezkoak diren irisgarritasun-arrapala eta segurtasunerako sute-irteera falta dira. Arkitektoa proiektua osatzen ari da eta eraikuntza lanak urrian bukatzea aurreikusten du.

Larraungo Udalak lasaitasunerako deia luzatu du, “guztiok boulderra lehenago zabaldu ahal izatea espero genuen baina oraindik ez dira eraikuntza lanak bukatu eta eskalada gunea zabaltzeko behar den inbertsioa egingo dugula ziurtatzen dugu”.

Proiektuaren aurrekariak
Instituzio eta herritarren arteko elkarlana izan da proiektuaren ardatza. 2019ko udazkenean herritar-talde bat Larraungo Udalarekin harremanetan jarri zen eskalada gunea eraikitzeko ideia proposatuz. Larraungo Udalak espazio egokia bilatzen eta harremanak bideratzen lagundu zuen, Baraibarreko Kontzejuak lokala esleitu zuen, eta herritarrak proiektuaz arduratu eta auzolanak burutu dituzte.

Larraungo Udalak herritarrekin elkarlanean garatu nahi duen gobernantza ereduaren adibidetzat jo du, “instituzioak eta herritarrak batera lan eginez bailara hobetzeko aukerak biderkatzen dira, elkarrekin aurrera goaz”. Hala, Udalak egitasmoaren bultzatzaileak diren herritarren lana eta Baraibarreko Kontzejuaren eskuzabaltasuna eskertu ditu.

Kultur Hilabetea iritsi da

Maiatzarekin batera Kultur Hilabetea iritsi da bailarara eta askotariko ekimenak aurkituko dituzu: gazte eta helduentzako tailerrak, landareen eta loreen azoka, literatura solasaldia, liburu aurkezpena, balkoi lehiaketa edota Dardara dokumentalaren emanaldia. Ikusi egitarau osoa eta parte hartu.

Covid-19a dela eta, unean indarrean dauden osasun arauak beteko ditugu.

BANDOA: langabezi egoeran dauden pertsonak kontratatzea

Urtero bezala, Larraungo Udalak langabezi egoeran dauden hiru pertsona (ofizial bat eta bi peoi) kontratatu behar ditu lau hilabetez. Egitasmo honetan lan egin ahal izateko derrigorrezkoa da Nafar Lansaren langabezi egoeran izena emanda egotea ezaugarri hauekin:

– Lorezaintzako ofiziala, edo
– Lorezaintzako peoia.

Nafar Lansaren izena emateko epea: 2021eko maiatzaren 4a eguerdiko 13:00ak baino lehen.
Nafar Lansaren izena eman dezakezue telefonoz: 848 42 45 00, edo esteka honetan.

 

Mugiron, Larraunen, 2021eko apirilaren 30ean.

 

Bandoa PDF formatuan.

Elkarri zaintzeko osasun neurriak bete ditzagun

Larraungo Udaletik herritarrei dei egiten dizuegu osasun neurriak betetzen jarraitzeko esfortzua egin dezazuen. Dagoeneko urtebete baino gehiago neurri bereziekin daramagula badakigu baina ezin dugu amore eman, guztion osasuna dago jokoan.

Jakinarazi nahi dizuegu Osasun Etxetik kezka azaldu digutela pandemiaren laugarren olatua Larraunen izaten ari den eraginarengatik. Osasun langileek konfirmatu digute Larraunen ere gogorragoa izaten ari dela eta gaixoen adina jaisten ari dela. Aste honetan, esaterako, 42 urteko larraundar bat ospitalean ingresatu behar izan zuten.

Esfortzu bat egiteko deia luzatzen dizuegu, arduraz jokatzen jarraitzeko deia. Txertaketa abiadura hartzen hasi da eta hilabete gutxitan oso egoera ezberdinean egonen gara. Elkar zain dezagun.

KUDEA>Go! mugikortasun kolaboratiborako zerbitzu berria abian da.

Gure herrien arteko mugikortasuna erreztuko duen aplikazioa jada zure mugikorrean izan dezakezu.

Nafarroako Mendialdeko zenbait udalen babesaz, tartean Larraungo eta Lekunberriko Udalak, bertatik sortutako mugikortasun kolaboratiboko proiektua abian jarri da. KUDEA>Go! eguneroko joan-etorriak zure herriko eta eskualdeko pertsonekin parteka ditzakezu, haien artean inolako transakzio ekonomikorik egin gabe. Aplikazio horren bidez, landa-eremuko biztanleak eskualdeko biztanleekin harremanetan jar daitezke, garraiobidea partekatzeko eta, hartara, eskualde osoko mugikortasun jasangarria sustatzeko.

Landa-eremuetan erabiltzeko pentsatutako eta diseinatutako aplikazioa da, non garraio-soluzioen beharra bereziki larria baita. Gainera, aplikazio horri esker, udalerrien eta bertako biztanleen arteko konektagarritasun handiagoa lortuko da. Zerbitzu honekin, landa-eremuan eragiten diguten gaietan sakontzea nahi dugu: despopulazioa, mugikortasunaren eta ingurumenaren arteko desberdintasunak. Komunitatean, kohesio sozio-ekonomikoan eta topaketan eragin positiboa izango duen tresna.

 

Funtzionamendu sinplea

KUDEA>Go! bi hizkuntzatan erabil daiteke, gaztelaniaz eta euskaraz, eta dagoeneko eskuragarri dago App Store eta Google Play-n: https://play.google.com/store/apps/details?id=app.journey

Gailuan instalatu ondoren, erabiltzaile bakoitzak erregistratu egin beharko du erabiltzen hasteko. Oso erraz funtzionatzen du: aplikazioaren bidez egin diren eskaera guztiak agertzen diren iragarki-taularen bidez, eremu bakoitzean une jakin batean zer garraio-eskaera dauden ikus daiteke. Ibilbide bera egin nahi duen estaldura-eremu interesgarrian norbait aurkituz gero, pertsona horrekin harremanetan jartzeko eta tresnak eskaintzen duen txataren bidez xehetasunak ixteko aukera ematen du.

KUDEA>Go! beste funtzio batzuk ere baditu, hala nola galtzadan gertatzen diren gorabeheren berri ematea gainerako erabiltzaileei (errepide-mozketak, animaliak pasabidea oztopatzen, ikuspen-baldintza txarrak, etab.). edo pertsona bakoitzak bere ekintza eremua sortzeko aukera, eguneroko mugikortasun beharren arabera. Garraio-eskaerak edozein unetan alda eta ezezta daitezke. KUDEAren YouTubeko kanalak bideoerakustaldia eskaintzen du, tresnaren funtzionamenduari buruzko xehetasun gehiagorekin.

CEDERNA GARALUR elkarteak Banda Zabalaren Gida argitaratu du, internet-konexioaren inguruko hobekuntzetan laguntzeko tresna.

Helburua informazioa eta esperientziak partekatzea da, gure herrietako eten digitala desagerrarazi eta herriak biziberritzeko aukera emateko.

Cederna Garalur Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak Banda Zabala lantzeko lantalde bat bultzatu du 2020an. Helburua informazioa eta esperientziak partekatzea da, Nafarroako Mendialdean banda zabaleko sareak hedatzea errazte aldera, horrela, gure herrietako eten digitala desagerrarazi eta herriak biziberritzeko aukera emateko. Lantalde horren emaitzetako bat Nafarroako Mendialdeko toki-erakundeentzat eta herritarrentzat banda zabalari buruzko gida bat egitea izan da (agiria berri honen bukaeran atxikituta duzue).

Gidaren alderdi garrantzitsuenak azaltzeko eta egon daitezkeen zalantzak argitzeko, Cederna Garalur Elkartetik Gida hori aurkezteko hitzaldi baterako deia egin dute. COVIDak eragindako egoera dela-eta, saioa linean izanen da, esteka honetan: https://meet.jit.si/Cederna -Garalur. Bertan parte hartzea errazteko, lau ordutegi proposatu dituzte:

 

Abenduaren 10a, osteguna Goizez 9:30-11:00
Abenduaren 10a, osteguna

Arratsaldez

18:00-19:30
Abenduaren 15a, asteartea Goizez 9:30-11:00
Abenduaren 16a, asteazkena Arratsaldez

18:00-19:30

 

Saioak doakoak dira, gaztelaniaz, eta Lorea Jamar-ek, Cederna Garalur Elkarteko IKT teknikariak, moderatuko ditu. Interesdunek ondorengo inprimaki horren bidez eman dezakete izena: https://forms.gle/t9vF87dfQtsTEp8J9. Posta elektronikoa ematea eskatzen da, baita jardunaldiko dokumentazioa bidali eta edozein ezustekoren berri emateko.

Era berean, erakunde elkartekideek aurrez aurreko saio bat eska dezakete ljamar@cederna.es helbidera idatzita. Hala ere, gogorarazi dute aurrez aurreko bileretan COVID-19aren aurkako segurtasun-neurriak bete beharko direla. Horrela bada, garapen-agentziatik modu batera edo bestera izena emateko gonbitea luzatzen die herritar zein eragileei.

 

Larraungo Udala lanean ari da banda zabala bailara osoan bermatzeko.

Aurreko ikasturtean garatutako parte hartze prozesuaren ondorioetan -non internet-abiadura herritarren kezka nagusienen artean agertzen zen- oinarrituz, lan-ildo garrantzitsuenetako bat da internet-konexioaren hobekuntza. Horrela, Udalaren lehentasunezko helburua da banda zabala bailara osora hedatzea. Uitzin eta Oderitzen 600 MB-eko abiadura duen internet zerbitzua jasotzeko aukera dute jada, Telefonicak egin duen ibertsioaren ondorioz, baina banda zabala bailara osora zabaltzeko bidea dugu aurretik. Horregatik, Udala hasia da Nafarroako Gobernuarekin lanean gainerako herrietan gobernuak berak ezarritako gutxieneko 30 MB horiek etxe guztietan eskaintzeko; izan ere, etxealdiak inoiz baino ageriago utzi duen bezala, eten digitala Larraungo herritar askori eragiten dien arazoa da. Ezinbestekoa dugu internet zerbitzua eskaintzea herritarrei, dagokien eskubidea da.

 

BANDA ZABALEKO GIDA: guia_banda_ancha