Skip to content

Larraungo boulderraren eraikuntza lanak udazkenean bukatuko dira

Larraungo boulderraren eraikuntza lanak udazkenean bukatuko dira

Irekiera publikorako beharrezkoak diren irisgarritasun-arrapala eta sute-irteera atontzea falta da.

Hilabeteak dira Larraungo Udala herritar-talde batekin eta Baraibarreko Kontzejuarekin elkarlanean Baraibarreko eskola-etxe zaharrean eskalatzeko gune bat eraikitzen ari direla. Proiektua oso aurreratuta dago, lehenengo fasean boulderra izena duen eskalatzeko gunea eraiki da eta orain, bigarren fasean, eraikina bera atontzeko lanak hasiko dira.

Zehazki, irekiera publikorako baldintzak betetzeko legez beharrezkoak diren irisgarritasun-arrapala eta segurtasunerako sute-irteera falta dira. Arkitektoa proiektua osatzen ari da eta eraikuntza lanak urrian bukatzea aurreikusten du.

Larraungo Udalak lasaitasunerako deia luzatu du, “guztiok boulderra lehenago zabaldu ahal izatea espero genuen baina oraindik ez dira eraikuntza lanak bukatu eta eskalada gunea zabaltzeko behar den inbertsioa egingo dugula ziurtatzen dugu”.

Proiektuaren aurrekariak
Instituzio eta herritarren arteko elkarlana izan da proiektuaren ardatza. 2019ko udazkenean herritar-talde bat Larraungo Udalarekin harremanetan jarri zen eskalada gunea eraikitzeko ideia proposatuz. Larraungo Udalak espazio egokia bilatzen eta harremanak bideratzen lagundu zuen, Baraibarreko Kontzejuak lokala esleitu zuen, eta herritarrak proiektuaz arduratu eta auzolanak burutu dituzte.

Larraungo Udalak herritarrekin elkarlanean garatu nahi duen gobernantza ereduaren adibidetzat jo du, “instituzioak eta herritarrak batera lan eginez bailara hobetzeko aukerak biderkatzen dira, elkarrekin aurrera goaz”. Hala, Udalak egitasmoaren bultzatzaileak diren herritarren lana eta Baraibarreko Kontzejuaren eskuzabaltasuna eskertu ditu.