Skip to content

Mendialdeko Azoka Ibiltaria Larraunera iritsiko da igandean

Mendialdeko Azoka Ibiltaria Larraunera iritsiko da igandean

Araizko bailarari lekukoa hartuz Larraunen txanda iritsi da eta Aldatz herria izanen da Mendialdeko Azoka Ibiltariaren hurrengo geltokia. Iaz ekimenak arrakasta handia izan zuen eta aurten beste 9 edizio antolatu dituzte, Aldazkoa bigarrena izango delarik.

Azoka honen helburua eredu jasangarri eta arduratsua lantzen duten inguruko abeltzainen, nekazarien eta artisauen produktuak bitartekaririk gabe sustatzea, ikusaraztea eta saltzea. Hala, askotariko salmenta-postuak izanen dira, hala nola haragia, barazkiak, gazta, taloak, eztia, mermeladak, garagardoa, olioa, ukenduak, sendabelarrak, zapatak, zeramikak edota egurrezko tailak.

Horrekin batera, 12:30ean Habelarte mendialdeko baserritarren elkartearen aurkezpena izango da, nekazaritza ekologikoa eta elikadura burujabetza bultzatzen duen tokiko 18 ekoizleren bilgunea.

Ekimena Larraungo Kultur Hilabetearen baitan kokatzen da eta Aralar Musika Eskolako kideek goiz guztian zehar azoka girotuko dute.

Gaztainondoaren aukera berriak
Azoka egunaren bezperan Larraungo Ura eta Lurra herri ekimenak gaztainondoari buruzko mahai ingurua prestatu du bailarako Kultur Hilabetearen baitan.

Bierzoko Gaztainondoen Mahaiko idazkari teknikoa eta Estatuko Gaztainondoen Sareko kide Roberto Rubiok Bierzoko (Leon) esperientziak azalduko ditu eta Nafarroako Gobernuko Bidasoa Eskualdeko mendi teknikari Mikel Diaz-Osesek Nafarroan egiten ari diren gaztainondoaren errekuperazio lanak aurkeztuko ditu.

Larunbatean 19:00etan Etxarrin izanen da hitzaldia.