Skip to content

Uitzi

Uitzi

Lekunberritik Leitzara doan errepide zaharrean, Uitziko Gainera (810m) iritsi baino lehenago dago Uitziko herria, itsas mailarekiko bataz besteko 690 metroko garaieran. Uitzik 111 biztanle ditu (2019). 

Errepidearen bi aldeetan zehar hadatzen dira etxeak, bi gunetan banatuta: batetik, herriko plaza eta elizaren inguruan kokatuta daudenak, eta bestetik, herriaren behealdean eta errepideaz bestaldera. Oro har, etxe handiak dira, bananduak. Tipologiaz ohikoenak XVIII. mendekoak dira eta batzuek armarri barrokoak dituzte. Goiko aldeko gehienak, berriz, XIX. mendekoak dira, kubikoak, lau isurikoak eta jauretxe itxurakoak inondik ere. Azken horietatik Juanenea, Osanbelena, Martiperena, Orixenea edota Eskolak -azken hori aterpetxe eta barnetegi gisa erabilia- nabarmentzen dira. Eliza XVIII. mendekoa da eta oso multzo bitxia osatzen du, horrekin batera, parrokia-etxea eta arku hirukoitzeko beste eraikin bat baitaude.

Udalbarrutian, Lekunberrirako norabidean, herritik kilometro eta erdira, Plazaolako geltokia zena dago. Garai batean, bertatik, Plazaola trena pasatzen zen, Iruñea eta Donostiaren arteko herri eta bailarak lotzen zituena. Gaur egun, bide horren zati handi bat bide berde gisa berreskuratu da (54 km), oinez zein bizikletaz paraje ederretan zehar paseatzeko. Gune horretan, bi bide hartzeko aukera dago: batetik, bide berdetik joanez, Uitziko Tunela zeharkatuz, Leitzako Erasote auzorantz abiatuko zara; bestetik, eskuinerantz doan bidean barna, Santa Engrazia baselizara iritsi zaitezke. Dena den, bada hirugarren aukera bat ere: aipaturiko bidearen hasieran, eskuinerantz doan bidexka batek Arruizgain izeneko parajera eramango zaitu, non aurreko mendeko 50. hamarkadara arte ustiatu zen meategi baten arrastoak ikus daitezkeen; besteren artean, bertako langileek denboraldi luzeetan bertan lo egiten zuteneko etxeen hondarrak.

AZKEN BERRIAK