Skip to content

Plazaola Partzuergo Turistikoaren 30.urteurreneko ekitaldia Gabari Gune Irekian

Plazaola Partzuergo Turistikoaren 30.urteurreneko ekitaldia Gabari Gune Irekian

Ekitaldian zonaldeko udaletako eta enpresetako zein Nafarroako hainbat erakundetako ordezkariak izan dira eta 1994an partzuergoa sortu zituztenak omendu dituzte.
80 pertsona inguruk hartu dute parte, Nafarroako parte ezberdinetako gonbidatuak izan direlarik, bereziki zonaldeko udalak (Araitz, Areso, Basaburua, Betelu, Goizueta, Irurtzun, Imotz, Larraun, Leitza, Lekunberri), kide pribatuak, alojamendu, ostalaritza, artisau eta aktibitate enpresak. Gainera, hainbat erakunde laguntzailez gain, hala nola Iruñeko Udala, Mikel Armendariz Ekonomia Sustapeneko zinegotzia eta Nafarroako Gobernuko departamentuak, hala nola Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Ana Rivas Turismoko zuzendari nagusia eta Ruben Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusia. Era berean, gertuko lankidetza dugun Gipuzkoa, Bizkaia eta Madrileko entitate ezberdinek hartu dute parte (Basquetour, Andoaingo Udala, Fundacion de Ferrocarriles Españoles, etab.).

Jardunaldia goizeko 10:00etan hasi zen bisita gidatu batekin Plazaolako bide berdetik, Larraungo udaletxean hasiz eta Ixkierreko ur-jauzian amaituz. Javier Irigoienek, Ondare Kultur taldeko kideak, Mugiroko paraje hau berreskuratzeko egindako boluntariotza lanaren berri eman du. Bertan, ur-jauziaren ondoan, antzinako irin errota baten hondakinak nabarmentzen dira.

12:00etan, Aralar Musika Eskolako abesbatzak ongi etorria eman die bertaratutakoei, Riskitin diskoan jasotako Larraungo herri kantutegiko piezak interpretatuz, hala nola, Una Planeta” Etxarriko (Larraun) 1920ko sehaska kanta.

Ongietorriaren ostean, Arkaitz Goikoetxea Arriola partzuergoko lehendakaria eta Lekunberriko alkateak hitz egin du, partzuergoaren 30 urteko ibilbidea gogoratuz, eskerrak emanez lan horretan lagundu duten pertsonei, eta erakundearen ildo estrategiko desberdinak garatuz, 2022an onartutakoak, parte-hartze prozesu zabal baten ondoren. Ondoren, bideo oroigarri bat aurkeztu da, partzuergoaren hainbat garaietan parte duten pertsonekin, baita gaur egun figura honen beharra balioesten duten pertsonek ere azaltzen direlarik:

Jarraian, mahai ingurua hasi da hurrengo parte-hartzaileekin: Ana Rivas ( Nafarroako Turismo zuzendari Nagusia) Iker Urcelay ( Basquetour Marketing Product manager) Arantxa Hernández Colorado (Vías Verdes FFEko kudeatzailea, Fundación Ferrocarriles Españoles) Ina Sorabilla (Lehendakari ohia eta Venta Muguiroko arduraduna)Mikel Armendariz (Iruñeko Sustapen Ekonomikoko zinegotzia) Amaia Govillar (Mendukilo kobazuloko ordezkaria). Maitena Ezkutarik, partzuergoaren egungo gerenteak, moderatu du mahaia, eta interes handiko lan-proposamenak egin dira bertan. Beste lurralde eta erakunde batzuekin Plazaola bide berdearen inguruan lan mahai bat sortzea izan da horietako bat, bereziki promozioa bultzatzeko.

Ekitaldian zehar, eta bereziki mahai-ingurua amaitzean, Lorena Arangoak aktore eta bakarrizketariak, bere pertsonaiarik maiteenetako bat aurkeztu du, Jaxinta. Landa eremuan emakumeen nortasunetik eta indarretik edaten duen ikuskizuna.

Partzuergoaren hastapenak eta 90eko hamarkadan aurre egin beharreko erronkak gogoratzeko tartea ere izan zen, Jose Maria Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Partzuergoko lehendakari ohia eta partzuergoko sustatzailearen eskutik.

Oroitzapenezko aztarnarekin jarraituz, partzuergoak omenaldia egin nahi izan die proiektuan sinetsi eta 1994an elkartu ziren pertsona haiei, gaur egun enpresarekin jarraituz. 53 enpresa izan ziren erakunde hau sortu zutenak, tartean landetxeak, hotelak, kanpinak, jatetxeak, tabernak eta artisauak, gaur egun 112 kide daude. Hasierako kide horiei opari bat eman zaie, eguzkilore bat eta diploma bat ere bai, komunitate horretan etengabe parte hartzeagatik. Gainera, opari hori bera eman zaie erakundean lan egin duten pertsonei.

Amaitzeko, kultura, kirol eta turismo sailburu Rebeca Esnaolak itxi du jardunaldia, gogoratuz joan den udaberrian amaitu zela Sarasa-Iruñea bide berde hori berreskuratzeko azken zatia, proiektu hau sendotzeko mugarria dena.

Partzuergo turistikoa 9 udalek eta 112 kide pribatuk osatzen dute (ostalaritza, alojamenduak, zerbitzu turistiko anitzak eta artisautza). Hainbat proiektu turistiko berreskuratzeaz gain, ekitaldiak antolatzeaz arduratzen da, zonalde osoaren sustapenaz, eta aholkularitza, prestakuntza, laguntza eta diru-laguntzen kudeaketa eta dinamizazio turistikoa eskaintzen ditu, besteak beste. Partzuergoak Lekunberriko geltoki zaharrean du egoitza soziala, baina hilabete hauetan itxita dago, Turismo Zuzendaritzak bultzatutako efizientzia energetikoaren lanen ondorioz. Eraikin horrek, gainera, partzuergoak berak kudeatzen duen eskualdeko turismo bulegoa eta bertako produktuen denda hartzen ditu. Gaur egun, zerbitzu horiek Larraungo udaletxean daude.

2024an zehar Turismo Bulegoak 13.000 pertsona inguru artatu ditu. Bisitarien profil nagusia seme-alabak dituzten bikoteak eta bikoteak dira, 35-50 urte bitartekoak, eta 50 eta 65 urte bitartekoak. Jatorri nagusiak estatukoak dira; Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Bartzelona, Madril eta nazioarteko merkatukoak Frantzia, USA, Herbehereak, Alemania. Nabarmentzekoa da Belgikako eta Herbehereetako turista atzerritarren kopuruak gora egin duela, batez ere 40 eta 60 urte bitartekoen artean. Izan ere, Plazaolako bide berdea hartu dute erreferentzia gisa eta lurraldea egituratzeko.