Arruitzen (Larraun) izango den Mendialdeko Azoka Ibiltariaren baitan ospatuko da enkante nazionala.
Larraungo Udalak eta ASLANAk, Nafarroako Latxa arrazako Ardi Hazleen Elkarteak, Latxa ardi arrazako ahari genomikoen II. Enkante Nazionala antolatu dute iazko edizio arrakastatsuari jarraipena emanez. Iaz Gorritin izan zen eta aurten Arruitzen egitea adostu dute, enkante nazionala Larraungo bailaran egonkortuz.
“ARDI” POCTEFA proiektuaren bidez ASLANAk lortu du bere hautapen-eskeman ebaluazio genomikoaren metodologia berritzailea sartzea, eta horrek hobekuntza erritmoan eta lan egiteko moduan aurrerapenak ekarriko ditu. 2022an hasi ziren horretan eta bide oparoa egiten ari dira.
Hala, balio genetiko handiko ahariak enkantean jarriko dituzte Arruitzen, zehazki maiatzen 14an, edozein abeltzainek eskuratu ahal izan ditzan eta, horrela, Latxa arrazaren hobekuntza jendarte osoari zabalduz. Iaz Nafarroa eta EAEko abeltzain ugari enkantera hurbildu ziren eta antolatzaileek aurten bide horretan sakontzea espero dute.
40 ahari inguru
Iazko esperientzia mugarri bat izan zela azaldu dute ASLANAtik. Zehazki, 30 bat ahari jarri ziren enkantean eta horietatik 27 saldu ziren. Artzaien aldetik, 23k parte hartu zuten enkantean eta 460€-ra arte ordaindu zituzten ahari bakoitzarengatik.
Aurten ahari kopurua apur bat handitu dute, 40 inguru jarriko dituzte enkantean. Ekitaldia 10:00etan hasiko da enkantean jarriko diren ahari genomikoen erakusketarekin, ordutik aurrera enkanterako txartelak erosi ahalko dira eta 12:30ean enkantea hasiko da.
Mendialdeko Azoka Ibiltaria
II. Enkante Nazionala egun berean Arruitzen prestatu den Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin bat ospatuko da. Nafarroako iparraldean antolatzen den ekimen honen 3. saioa izango da eta Araizko bailarari lekukoa hartuko Larraunek.
Azoka honen helburua eredu jasangarri eta arduratsua lantzen duten inguruko abeltzainen, nekazarien eta artisauen produktuak bitartekaririk gabe sustatzea, ikusaraztea eta saltzea da. Hala, askotariko salmenta-postuak izanen dira, hala nola haragia, barazkiak, gazta, taloak, eztia, arrautzak, garagardoa, olioa, ukenduak, sendabelarrak edota egurrezko tailak.
Larraunentzako aukera sozioekonomikoa
Udalerri hau 16 kontzejuk osatzen dute, 970 biztanle ditu eta duela hamarkada batzuetatik despopulazioaren fenomenoak kolpatzen du, 1980tik biztanleen %30a galdu dituelarik.
Larraunen, inguru naturalaren eta artzaintza estentsiboaren arteko lotura oso estua da, tokiko ekonomian duen eragin positiboa oso nabarmena delarik. Ekimen honek despopulazioaren aurka borrokatzeko eskualde-politikekin bat dator, lehen sektoreko ekoizpen-eredu iraunkorren eta lurralde-kohesioa bultzatzen duten jardueren deszentralizazioa indartuz.
Norabide horretan, enkantea hasi aurretik azken urteotan Larraunen 1. Sektorera batutako bizilagunak aitortzeko ekitaldia izango da.