Skip to content

Hitzarmen berri bati bidea errazteko Lekunberriko Udalak duen zorra kitatzeko proposamena adostu du Udalbatzarrak

Hitzarmen berri bati bidea errazteko Lekunberriko Udalak duen zorra kitatzeko proposamena adostu du Udalbatzarrak

Lekunberriko Udalak duen 126.413,29€-ko zorrari erdibideko irtenbide bat emateko proposamena adostu du aho batez Larraungo udalbatzarrak bailararen mesedetan eta herritarren egungo beharrak aseko dituen hitzarmen berri bat egiteko helburuarekin.

2009. urtean Larraungo eta Lekunberriko Udalek 10 urteko luzapena zuen hitzarmen bat sinatu zuten amankomuneko zerbitzu eta azpiegiturak batera kudeatzeko. Hitzarmena eskola zaharrak saldu ondorengo diru ekarpenarekin sortu zen eta Lekunberrin kokatzen diren amankomuneko zerbitzu ezberdinetan 1.000.857,07€ inbertitzea ekarri zuen. Horien artean kokatzen dira Ibarberri Eskola, Haur eskola, Kiroldegia edo Eguneko Zentroa adibidez. Zorraren kitapenaren beharra 2014. urtean sortu zen, behin eguneko zentroaren lanak bukatu ostean Larraunek hitzarmenean adostutako dirua baino gehiago jarria zuela ikusi zen, zehazki 126.413,29€.

Ordutik, Larraun eta Lekunberriko udal ordezkarien artean egoera konpontzeko hainbat bilera eman dira baina ez da adostasunik egon. Larraungo Udalaren ustez zorraren kitapena ezinbestekoa da hitzarmen berri bat egiteko eta hura errazteko asmoz, Larraungo Udalak atzo asteartean egindako urtarrileko ohiko Udalbatzarrean aho batez egoera konpontzeko proposamen berri bat onartu zuen: Lekunberriko Udalak zorraren %50a 3 hilabeteko epean ordaintzea, eta beste %50a berriz, 3 urteko epean hitzartutako instalazio eta zerbitzuetan egindako inbertsioetara bideratzea. Proposamenak 3 urte hauetan %50 horretatik, inbertitu gabeko zenbatekoa Larraungo Udalari itzultzeko konpromisoa jasotzen du.

Larraun hitzarmen berriaren alde
Amankomuneko zerbitzuen finantzaketa mantentzen bada ere, 2020. urtetik hitzarmena berritu gabe dago eta honek zaildu ditu bi udalen arteko elkarlana eta etorkizunean egon daitezkeen inbertsioak egitea.

Larraungo Udalak adierazi du elkarlana beharrezkoa dela zerbitzuen jabetza konpartitua delako. Zehazki, Lekunberrin dauden zerbitzu batzuen jabetzaren %30 Larraungo Udalarenak dira (hala nola ikastetxea, haur eskola, Kiroldegia edo Eguneko Zentroa), eta Lekunberrin dagoen Osasun Etxearen kasuan Larraungo Udalekoa da %100ean. “Horrez gain, beste zerbitzu batzuk elkarrekin finantzatzen ditugu, adibidez Mitxausenea, ikasleen garraioa… Gainera, aurrera begira hitzarmen berriak zerbitzu gehiago jaso beharko lituzkela pentsatzen dugu” azaldu du Mikel Huarte Larraungo alkateak. Horien artean kokatu ditu legealdi honetan martxan jarri den Mugiroko Gabari Gune Irekia edo epe motzean martxan jarriko den Baraibarko Boulderra. “Normala den moduan, instalazio berri hauek bailarako herritar guztientzat irekita daude, Lekunberriko herritarrak barne” azpimarratu du Huartek.

“Hitzarmenak bailarako zerbitzu publikoak eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko balio duela uste dugu, hori dela eta Lekunberriren zorra kitatzeko erraztasunak emateko esfortzua egin dugu” azaldu du Larraungo alkateak. Hala, Udalak aurreko hitzarmenean jasotakoa itxi eta ziklo berri bati hasiera eman nahi dio ahalik eta azkarren hitzarmen berria lantzen eta negoziatzen hasteko. “Inguruko udalen arteko elkarlanean sinesten dugu eta, bide horretan sakontzeko, hitzarmen berri batek bailara guztiari bultzada berri bat emango lioke”, berretsi du Huartek.