Skip to content

Herrien zerbitzura egongo den ikus-entzunezko ekipamendu berria erosi dugu

Herrien zerbitzura egongo den ikus-entzunezko ekipamendu berria erosi dugu

Bailarako herrietan udako zinema saioak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko aukera ematen du.

Larraungo Udalak herritarren zerbitzuak eta baliabideak hobetzeko konpromisoa berretsiz ekipamendu berria erosi du. Neguan aretoak berotzeko kanoi berogailua erosi zuen eta oraingoan hainbat ekitalditan beharrezkoa izaten den ekipamendua eskuratu du: proiektorea, pantaila eta soinu ekipo eramangarria.

Ekipamendu honek Kontzeju eta eragileek dituzten beharrak asetzeko helburua duela azaldu dute eta Larraunen antolatzen diren ekimenetan erabili ahalko dela gaineratu. Horretarako, ekipamendua erabili nahi duenak euskarakultura@larraun.eus helbidera mezua bidaliz eskaera egin beharko du. “Denok disfrutatu ahal izateko, arduraz jokatu behar dugu eta eskaera egiten duenak erabilera egokia eman eta behar bezala zaintzeko konpromezua hartu behar du” gaineratu du Udalak.

Udako zinema herrietan
Udalak adierazi du aurtengo udan berezia izanagatik ere ekitaldi kulturalak antola daitezkeela, beti ere osasun neurriak zainduz. Besteak beste, erosketa honek udako zinema antolatzeko aukera ematen duela nabarmendu du eta horretara animatu nahi ditu bailarako herriak: “eguna, lekua eta filma aukeratu eta Udalak azpiegitura jarriko du”.

Horretarako, Udalak herritarren konpromisoa eskatu du, herriko arduradun bat egon beharko da antolaketa lanetan eta dena lotuta dagoenean Udalak zinema deialdi irekia egingo du hitzordua sareetan eta bitarteko ezberdinetan zabalduz.