Skip to content

Gorritik eta Etxarrik aurkeztutako despopulazioaren aurkako proiektuek diru laguntza publikoa jasoko dute

Gorritik eta Etxarrik aurkeztutako despopulazioaren aurkako proiektuek diru laguntza publikoa jasoko dute

Larraungo bailara bizigarriagoa izateko kontzejuekin elkarlanean aurkeztu genituen beste 8 proiektuentzako finantzazioa lortzen saiatuko gara.

Nafar Gobernuko Tokiko Administrazio eta Despopulazio Zuzendaritza Orokorrak despopulazioaren aurkako inbertsioetarako diru laguntzak onartu ditu eta Gorritik eta Etxarrik Larraungo Udalarekin elkarlanean aurkeztutako proiektuak sarituen artean daude.

Etxarrik 94.000 euroko proiektua aurkeztu du ostatua berritu eta erabilera anitzeko bilgune bat sortzeko eta 60.000 euroko laguntza jasoko du. Gorritik, aldiz, kontzeju etxean erabilera anitzeko espazioa sortzeko 45.000 euroko proiektua aurkeztu du eta 33.000 euroko laguntza izango du.

Josu Oreja Larraungo Garapen zinegotziak azaldu du proiektu hauek “bailara bizigarriagoa izateko eta bertako bizitza soziala bultzatzeko” balioko dutela, “gure herrietan bizi nahi dutenen eta belaunaldien arteko lotura indartzeko gune ireki berriak sortuz”.

Beste proiektuekiko konpromisoa
Etxarri eta Gorritiko proiektuak, ordea, ez ziren diru laguntza jasotzeko Larraungo bailarak aurkeztutako bakarrak izan. Orotara kontzejuek eta Udalak elkarlanean beste 8 proiektu aurkeztu zituzten eta Larraungo alkate Mikel Huartek adierazi du ez dituztela bazterrean utziko.

Huarteren hitzetan “hemen ez da ezer bukatu, deialdi honetan diru laguntzarik jaso ez badute ere finantzazioa bilatzen jarraituko dugu”. Hala, Huartek azaldu du Larraungo Udalarentzat despopulazioaren aurkako lana estrategikoa dela eta proiektu horiek bultzatzen saiatuko dela ziurtatu du.