Larunbatean herritarrekin batera Gabari gune irekia inauguratu genuen eta atzo asteartea inguruko ordezkari instituzionalei aurkeztu diegu.
Ospakizun asteburua izan da Larraunen. Hilabete biziak izan dira ordura arte hutsik Udaletxeko azken solairuan, 2020ko udazkenean horri zein erabilera emateko prozesu parte hartzailea izan zen, horren ondotik beharginek espazioa atontzeko lan handia egin dute eta, azkenik, gune berria inauguratzeko eguna iritsi da.
Bailarako etxe guztietan banatu ziren gonbidapenek “zurea da giltza” zioten eta ideia horri jarraiki, larunbat arratsaldean ospatutako inaugurazioan sartzean udal arduradunek giltza bana eman zioten bertaratutako bakoitzari.
Lorea Lasarte euskara eta kultur zinegotziak zergatia azaldu nahi izan zuen ekitaldian, “orain guztiona da giltza, denon artean Gabari gune irekiari forma emanen diegu” eta “gune honek Larraun eta larraundarrak zertan lagundu gaitzakeen pentsatzeko gonbidapena” luzatu zien herritarrei.
Inaugurazio ekitaldian espazioaren izaera parte hartzailea nabarmendu zuten eta horren adierazle dira aste honetan bertan Gabari gune irekian hasiko diren mugimendu adierazkor tailerra edota agroekologia ikastaroa, herritarrek antolatutako ekimenak.
>> Ikusi argazki galeria hemen
Ongi etorri instituzionala
Atzo aldiz aurkezpen instituzionalaren eguna izan da. Larraungo alkate Mikel Huartek, euskara eta kultur zinegotzi Lorea Lasarterekin lagunduta, mendialdeko eta inguruko ordezkari instituzionalei harrera egin eta gune irekia erakutsi die.
Bertan izan dira besteak beste Lekunberri, Atez, Irurtzun, Azpirotz eta Arruitzko alkateak, Goreti Nieva arkitekta, Banur eta Saigo-Uranga eraikuntza enpresetako ordezkariak, Plazaola Patzuergoko ordezkaria, Gizarte zerbitzuetako mankomunitateko ordezkaria, Larraungo zinegotzi Joxe Jabier Barberena eta Udaletxeko langileak.
Mikel Huarte alkateak proiektua aurrera eramateko jasotako finantzazio publikoa eskertu du aurkezpen ekitaldian. Hain zuzen ere, Gabari gune irekia 2014-2020 Landa Garapen Programarekin (PDR 2014-2020) kofinantzatua izan da, Europar Batasuneko FEADER fondoen eta Nafarroako Gobernuaren tokiko ekonomia bultzatzeko inbertsioetarako kapital-transferentzien aparteko funtsaren laguntzarekin (13/2020 Foru Legea).