Euskaraldia 2025 maiatzaren 15etik 25era bitartean ospatuko da, eta laugarren edizio honetan ere hizkuntza-ohiturak aldatzeko erronkari eutsiko zaio. “Elkar mugituz egingo dugu” lelopean, antolatzaileek aktibazioa, mugimendua, emozioak eta elkarrekiko eragina nabarmendu nahi izan dituzte.
Martxoaren 1etik aurrera herritarrek Euskaraldian izena eman ahal izango dute. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek posta elektronikoz gonbidapena jasoko dute berriro parte hartzeko. Parte hartu nahi duenak izena eman dezake www.euskaraldia.eus webgunean.
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat Euskaraldia Hika ekimena da. Parte-hartzaileek izena ematerakoan adierazi ahal izango dute hitanoa sustatzeko keinua egin nahi duten ala ez. Horretarako, ez da nahitaezkoa hika jakitea; hitanoa ikasi edo entzun nahi dutenek ere parte har dezakete. Hori identifikatzeko, Ahobizi eta Belarriprest txapei “H” hizkia gehituko zaie, eta horrek hika egiteko prestutasuna adieraziko du.
Euskaraldiari buruzko informazio guztia www.euskaraldia.eus webgunean eskuratu daiteke. Zalantzak argitzeko, harremanetan jar zaitezke antolatzaileekin: larbeleareuskaraz@iparmank.eus edo 948 504400 telefonoan.