Ixkier komunitate energetikoa gure bailaran energia kontsumoari buruzko hainbat lanketa egiten dabil. Komunitatea horretarako jaio baitzen: kontsumo arduratsua, kontzientea, berriztagarria eta hurbilekoa egiteko egitasmoak bultzatzeko.
Nafar Gobernuak komunitate energetikoentzako atera berri dituen diru-laguntzetan instalazio fotovoltaiko kolektibo bat egiteko aukera sortu da. Mota honetako inbertsioak %60an diruz lagunduko dira, eta urriaren 15a baino lehen gauzatu beharko da.
Instalazioaren ezaugarriak
Aurreikusten den instalazioa 100Kwnkoa izango da eta Lekunberriko kiroldegiko teilatuan egingo da. Parte hartzeko, norberaren kontsumo puntua instalaziotik gehienez 2 kilometrotara egon behar du; beraz Lekunberri, Iribas, Alli, Mugiro eta Etxarriko herritarrek izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Ixkier komunitate energetikoak 40 kontsumitzaileri emango du momentuz aukera. Hala, kontsumitzaile bakoitzak 2.5kw izango lituzke. Hasierako asmoak horiek izanda ere, behin interesdun guztiak bilduta, banan banako beharrak aztertuz, potentzia banaketa kontsumitzaile bakoitzarentzako egokitzen saiatuko da Ixkier.
Eman izena!
Proiektuan parte hartzeko interesa izanez gero, idatzi mezu bat martxoaren 30a baino lehen ebkomunitatea@gmail.com helbidera.