Skip to content

Errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzen zaitugu

Errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzen zaitugu

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi du UEMAk, eta horien artean, errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Horretarako, aurreko urteetan bideari jarraituz, hautu hori sustatzeko kanpaina hasiko dugu UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean.

Heldu da unea 2021eko errenta eta ondarea aitortzeko. Apirilaren 4an hasiko da kanpaina Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunetan, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Nafarroan, berriz, apirilaren 7tik ekainaren 24ra artekoa izango da epea, eta apirilaren 5etik ekainaren 27ra artekoa Araban. Haiekin bat eginez, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.

Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik.

Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du UEMAk, eta eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi du UEMAk aurten ere kanpaina honekin.