Skip to content

Errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzen zaitugu

Errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzen zaitugu

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi du UEMAk eta, horien artean, errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Horretarako, aurreko urteetan bideari jarraituz, hautu hori sustatzeko kanpaina hasiko dugu UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean.

Gainean da 2022ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia eta, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.

Apirilaren 3an hasi da kanpaina Arabako eta Gipuzkoako foru ogasunetan, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Nafarroan, berriz, apirilaren 12tik ekainaren 23ra artekoa izango da epea. Bizkaian, azkenik, apirilaren 17an hasiko da kanpaina.