Skip to content

Errazkin, Arruitz eta Alliko argiteria LED teknologiarekin berrituko dute urtarrilean

Efizientzia energetikoa

Errazkin, Arruitz eta Alliko argiteria LED teknologiarekin berrituko dute urtarrilean

Larraungo Udalak 6.500 euroko diru-laguntzarekin bultzatu du ekimen jasangarria eta ekimen honekin Udalak 2019an hasitako bideari jarraipena eman dio.

Larraungo Udalak eraginkortasun energetikoarekin konpromisoan urrats berri bat eman du Errazkin, Arruitz eta Alliko argiteria LED teknologiarekin berritzeko laguntza emanez. Orotara 6.500€ eman die Udalak, 2021eko aurrekontuen baitan kokatutako inbertsioa, eta urtarrilean gauzatuko da berrikuntza herrietan.

Legegintzaldia hasi zenetik Larraungo Udalak bere eraikin eta azpiegituretan zein kontzejuen esku dauden horietan efizientzia energetikoa eta berriztagarriak oinarri dituen energia sorkuntzaren aldeko apustua egin du. Norabide horretan, proiektuak garatzeko eta finantzazioa lortzeko lanketa sakona egin du Udalak, Larraungo Kontzejuen Mahaian proposamenak eginez eta bestelako markoetan proiektuak aurkeztuz.

Berrikuntzak urtez urte
Ekimen honekin Udalak 2019an hasitako bideari jarraipena eman dio. Urte hartan udaletxean eguzki-plakak jarri zituen eta eraikineko azpiegitura guztiak LED teknologiaz hornitu zituen.

Ondoren, 2020ean Larraungo Udalak 15.000 euroko diru-laguntza eman zien Etxarri, Uitzi eta Aldatzeko kontzejuei beren herrietan LED teknologiarekin argiteria berritzeko. Horrekin batera, diru-laguntza berarekin, Etxarriko bordentzako ura ematen duen depositoan plakaz hornitutako ur-araztegia jartzea bultzatu zuen Udalak.