Skip to content

Energia berriztagarrien komunitateak sortzeko lehen pausoak emango ditu Mendialdeak

Energia berriztagarrien komunitateak sortzeko lehen pausoak emango ditu Mendialdeak

Mankomunitateak, hitzaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatu die interesa duten herritar guztiei.

Azken boladan, geroz eta herritar gehiago daude egungo kontsumo energetikoaz eta honek sortutako eraginez kezkatuak. Mendialdeko herritarrek gaiarekiko erakutsi duten interesa jasoaz, eta erantzuna modu kolektiboan emateko, Mankomunitateak energia berriztagarrien komunitateak (EBK) sortzeko lehen pausoak ematea erabaki du, Goiener kooperatibaren laguntzarekin. Mendialdeko Agenda 21eko ekintzen barruan kokatzen da, eta Nafar Gobernuak kofinantzatuko du.

Asmoa, EBK hauen baitan herritarrak eta herriko erakundeak biltzen hastea da, ondoren, energia sektorearekin zerikusia duen edozein jardueratan lankidetzan aritu eta erabakiak batera hartzeko.
Komunitateen abantailak ez dira gutxi

Energia fosilak alde batera utzi eta bertako energia berriztagarria erabiltzeaz gain, kontsumo arduratsua eta eraginkorra egitea da EBKen helburua, herri bakoitzak dituen baliabideak eta beharrak ondo aztertu ostean. Ingurugiroari eta herritarrei onura ekonomikoak ekartzeko aukeraz gain, energia berriztagarrien komunitateak bizilagunen arteko harremanak sortu eta energia modu justuan banatzeko tresna paregabeak dira, beste zenbait herritan frogatu den moduan.

Hargatik, gaiaz kezkatuta dauden edo talde hauetan parte hartu nahi duten Arano, Areso, Araitz, Betelu, Goizueta, Leitza, Larraun eta Lekunberriko herritar guztiei, udazkenetik aurrera egingo diren hitzaldietara joateko gonbita luzatu nahi zaie.

Lehen hitzaldia Larraun-Lekunberrin
Aholkularitzaz eta prozesuak gidatzeaz arduratuko den Goiener Taldeak dio, «kontsumo eredua aldatzea» dela helburu nagusia, eta trantsizio horrek «iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa» izan behar duela, «inor baztertu edo atzean utzi gabe».

“Kontsumituko dugun energiaren ardura hartzera goaz” goiburupean, irailetik hasi eta urrira bitarte, 4 hitzaldi antolatu dira Mendialdean: Larraun-Lekunberrin (irailak 22), Leitzan (urriak 6), Araitz-Betelun (urriak 20) eta Goizuetan (urriak 27).

Herritar guztiek izango dute hausnarketa prozesuan parte hartzeko aukera eta baita energia berriztagarrien komunitateen sorreran zein aurrerantzean garatuko diren proiektuetan aritzekoa ere.