Skip to content

Eguneko Zentroa elikadura osasuntsuago eta iraunkorrago batera bidean da

Eguneko Zentroa elikadura osasuntsuago eta iraunkorrago batera bidean da

Lekunberri-Larraungo Eguneko Zentroak, bi herrietako udalekin elkarlanean, bertako ekoizleei produktuak erosteko sistema berritzaile bat ezarri du, ekonomia zirkularra eta elikadura-ohitura osasuntsu eta iraunkorrak sustatzeko helburuarekin.

Proiektu hau, Cederna Garalurrek koordinatu du MIRUA kooperatibaren laguntzarekin, 2024ko apirila eta ekaina bitartean. Nafarroako Gobernuko Administrazio Departamentuak finantzatzen du eta Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek parte hartzen dute RuralNAV lankidetza-proiektuaren bitartez.

Lekunberri-Larraungo eguneko zentroak, hainbat hilabete daramatza proiektu pilotu bat lantzen, datozen hilabete eta urteetan Nafarroako beste eskualde batzuetara zabaldu daitekeena. Proiektua Eguneko Zentroko elikagaien eskaria bertako eta inguruko elikagaien eskaintzarekin artikulatzean datza, Mendialdea eta Sakanako ekoizleen sasoiko produktu freskoen erosketa lehenetsiz, horrela tokiko ekonomia indartuz. Gainera, ekimenak zentroko adinekoen zaintza hobetzea du helburu, menuak hobetuz, osasuntsuagoak izan daitezen.

Ekimen hau, Eguneko Zentroaren, Lekunberri eta Larraungo Udalen, Cederna Garalurren eta elikadura sistemen trantsizioan espezializatutako Mirua kooperatibaren lankidetzaren emaitza izan da. Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak adierazi duenez, azken bi legegintzaldietan elikadura subiranotasuna lan ildo iraunkorra izan da, “administrazioetatik gai hau lantzeko baliabideak jarri ditugu eta une honetan proiektu egiaztagarri eta praktiko bat martxan jartzeko aukera izan dugu”.

Mikel Uharte Larraungo alkateak azpimarratu duenez, proiektu honek “bertako ekonomia, lehen sektorea eta elikadura burujabetza indartzeko egiten ari garen lanaz gain, bailaran bizitzeko aukerak erraztu eta despopulazioa saihesten lagunduko du”.

Uhartek eta Goikoetxeak eskertu dute Eguneko Zentroko langileek eta erabiltzaileek proiektu hau martxan jartzeko erakutsi duten prestutasuna eta lankidetzarako borondatea, “ezinbesteko osagaia izan da proiektua martxan jarri ahal izateko”.

Bestalde, Cederna Garalurreko Amaiur Unzueta teknikariak gaineratu duenez, “Eguneko Zentroko jantokia txikia da eta oso egokia da Nafarroako beste bailaretara esportatu daitekeen horrelako proiektu bat abian jartzeko, tokiko ohituren eta merkataritza-zirkuitoen eraldaketa sustatzeko eta tokiko garapen iraunkorra bultzatzeko”.

Proiektu pilotuak hiru hilabeteko iraupena izango du, eta tokiko elikagaien horniduraren bideragarritasuna eta onurak ebaluatzea ahalbidetuko du. Aldi horretan, erosketa-bolumenen eta sektorearen baldintzen jarraipena egingo da, beharrezko egokitzapenak egiteko eta proiektuaren iraunkortasuna ziurtatzeko.

Elikagaien horniduran aldaketa hori ezartzea eredu izan liteke tokiko ekonomia sustatzea eta komunitateetan elikadura osasungarria eta iraunkorra bermatzea helburu duten beste eremu batzuetarako. Proiektuak aurrera egin ahala, aldian behin bilerak egingo dira inplikatutako alderdi guztiekin, emaitzak ebaluatzeko eta hurrengo urratsak planifikatzeko.

Tokiko-garapena
Azkenik, tokiko 10 ekoizlek Eguneko Zentroko jantokia elikagaiez hornitzeko konpromisoa hartu dute. Zehazki, sartzen ari diren bertako elikagaiak barazkiak, txahal-haragia, ogia, arrautzak, ardi-gazta, mamia, sagarra eta sagar-zukua dira.

Artikulazio honi esker, elikagaiak ez dira distantzia luzeetatik inportatuko, hemendik aurrera Oskotz, Ziordia, Etxarri, Goizueta, Lezaeta, Uztegi, Betelu, Udabe edo Goldaratz herrietatik ekarriko dira.

Modu honetan, Eguneko Zentroan kontsumitutako elikagaien karbono-aztarna murrizteaz gain, hurbileko kontsumoa indartu eta enplegua sustatzen da udalerri horietan, gehienak despopulazio-arriskuan.

Menu berriak
Mirua kooperatibak eguneko zentroko sukaldariarekin ere lan egin du eguneko zentroko mahaikideen artean harrera onena duten platerak prestatzeko, menu osasungarri eta iraunkorretarako trantsizioa ahalik eta atseginena izan dadin.

Horrela, Miruak eta zentroko sukaldariak denboraldi bakoitzerako egokitutako menu berrietan lan egin dute, besteak beste, “bero-menua” izenekoa, udako nekazaritza-ekoizpenaren denboraldiko hilabeteei dagokiena, ekainetik urrira; “menu hotzeko” janaria, udazken-negu-udaberriko nekazaritza-ekoizpenaren denboraldiko hilabeteetara egokituta dagoena, urritik maiatzera; eta hamaiketakoen menua.

Elikalimen nutrizio-aholkularitzak gainbegiratu du menu-aldaketa, haren izaera osasungarria eta iraunkorra bermatzeko, erabiltzaile helduen adin-tarterako nutrizio-gomendioak errespetatuz.

Gainera, eguneko zentroan hozkailu berri bat instalatzea aurreikusi da, produktu freskoak biltegiratzeko gaitasuna handitzeko eta tokiko elikagaiez hornitu ahal izateko.

Gaur egun, eguneko zentroko jantokian 17 jankide daude astelehenetik ostiralera, gosaltzeko eta bazkaltzeko ordutegietan.

Lankidetza-proiektua
Proiektu hau Nafarroako Toki Administrazioko Departamentuak finantzatzen du, RuralNav proiektuaren esparruan. Nafarroako Talde ekintzaileen lankidetza-proiektua da eta Nafarroako landa-eremuen erronka demografikoari erantzungo dieten konponbideak identifikatzea du helburu.

Gainera, proiektu hau Mendialdeko Aktibazio Sozioekonomikorako Planaren barruan kokatzen da, Mendialdea osatzen duten udalek (Arano, Areso, Araitz, Basaburua, Betelu, Goizueta, Imotz, Larraun, Lekunberri eta Leitza) sustatzen duten Nafarroako iparraldeko eskualdeetan garatzen ari den lankidetza-programa.

Dinamizazio-prozesua
2024ko apirilaren 24an proiektuaren talde eragilea eratu eta lehenengo bilera egin zen. Topaketa horretan, proiektua aurkeztu eta ekintza-plan bat proposatu zen. Cederna Garalureko Amaiur Unzueta teknikariak tokiko lehen sektorearekin egingo zuen egituraketa-lana azaldu zuen eta taldeko kideen artean zereginak elkarbanatu zituzten.

Hasieratik, bertako ekoizleekin lotura sendoak ezarri dira. Ekainaren 17ko astean funtsezko bilera bat egin zen eta eskualdeko ekoizleek laguntzeko prest zeudela adierazi zuten, nahiz eta, eskaera-bolumenak adostutako gutxienekora ez iritsi. Konpromiso hori funtsezkoa izan da Lekunberriko eta Larraungo udalek tokiko erosketak lehenesteko eta eskualdean eragin ekonomikoa handitzeko.

Uztailaren lehen hamabostaldian informazio-hitzaldi bat egin zen Eguneko Zentroko erabiltzaileekin. Bertan proiektua aurkeztu zen eta uztailaren erdialdetik aurrera, menuen aldaketa ezarri da Eguneko Zentroan.