‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpaina martxan da
UEMAren kanpaina honek Euskal Herrira etorri diren eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egin nahi die aurten, batetik edo bestetik etorri arren denak bertakoak eta euskaldunak direla nabarmenduz.
Kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek.
Herri horietako zenbaitek kezka adierazi zuten, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak jatorri eta kolore asko dituela eta azalaren kolorea edota hiztunaren jatorria askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpainak.
Aurten hirugarren urtea du kanpainak, eta euskara ikasten ari diren herritar berriak aitortu eta ikusarazi nahi izan ditu oraingoan UEMAk.


