ERRENTA AITORPENA EUSKARAZ

Errenta aitorpena ere euskaraz egiteko deia egin dute UEMAk eta Larraungo Udalak

Heldu den apirilaren 9an hasiko da Nafarroan 2025eko errenta eta ondarearen gaineko aitorpena egiteko kanpaina. Horren harira, UEMAk eta Larraungo Udalak dei egiten diete herritarrei ogasunarekiko harremanetan euskararen aldeko hautua egin eta errenta aitorpena euskaraz egitera.

Apirilaren 9tik aurrera ekainaren 25era bitartean martxan izanen den kanpaina honetan, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera dute, eta hori gauzatzea erraza da: internet bidez, telefonoz, aholkularitza bulegoetan edo finantza entitateetan aitorpena euskaraz egin nahi dela adierazi besterik ez dugu behar.

Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira errenta aitorpena ere euskaraz egiten duten herritarrak. Oraindik egiten ez duten horiek animatu nahi ditu udalak*, euskararen erabilera eremu guztietara zabaltzeko bidean, urrats eraginkorra baita  administrazioarekin eta kasu honetan, ogasunarekin ere euskara erabiltzea.

Nola egin errenta aitorpena euskaraz

Autolikidazio proposamena

  •  Errenta aitorpenaren proposamena zuzenean euskaraz jaso ahal izateko, hizkuntza aldaketa egiteko eskaera egin beharra dago ondoko helbidean: labur.eus/ErrentaEuskarazNafarroan
  • Behin aldatuta, aurrerantzean euskaraz jasoko duzu proposamena.

Telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa

  • Hitzordua hartzerakoan, adierazi ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
  • Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai bulegoan aurrez aurre, bai telefonoz zein internet bidez ere.

Internet bidezkoa

  • Ogasuneko errenta.nafarroa.eus atarian sartu, edo hizkuntza atalean euskara hautatu.
  • Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
  • Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezakezu.

Euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen jarraitzeko, urrats erraza bezain eraginkorra izan daiteke errenta aitorpena euskaraz egitea.

Kanpainari buruzko informazio gehiago: https://www.uema.eus/eu-ES/Albisteak/Orriak/20260326-errenta-ere-euskaraz.aspx

ITZULIAK LARRAUN-LEKUNBERRI BISITATUKO DU

2026ko Euskal Herriko Itzuliak Larraun eta Lekunberriko lurraldeak bisitatuko ditu berriro datorren apirilaren 7an, asteartean.

Larraun eta Lekunberriko udalek, Javier Riaño Itzulia antolakundeko arduradunarekin batera, agerraldia egin dugu Mendukiloko haitzuloan, etapa amaituko den tokian, hain zuzen ere.

Udalek eta antolakundeak inguru zoragarri honetara etapa eramateko gakoak izan diren guztien arteko elkarlana eta koordinazioa azpimarratu dituzte.

Larraungo eta Lekunberriko alkateek, bertako ardatz identitario gisa, paisaia, kultura, tokiko ekonomia eta euskara jarri ditugu balioan. Ardatz horiek lurraldea bisitatu nahi dutenentzako erakusleiho izan nahi dute, bai etaparen egunean, baita bisita eta gozameneko bestelako egunetan ere.

Agerraldi horretan Astizko Kontzejuko presidentea den Joxemari Azpirotzek hartu du parte, eta ondare eta turismoaren helmuga den toki honen jasangarritasuna azpimarratu du, Larraunek eta Lekunberrik eskaintzen duten naturgune zabalagoaren parte gisa.

Aurtengo Itzuliaren bigarren jardunaldia Iruñetik abiatu eta Astizko Mendukilo haitzuloan amaituko da. 165 kilometro eta profil menditsua izango ditu, Uharte Arakiletik abiatzen den zementuzko pistatik Aralarko San Migelerako igoera barne. Kategoria bereziko mendatea da, 9 kilometro pasatxokoa eta % 7,8ko batez besteko desnibelarekin.

Egun horretan, Irurtzundik (Zuarrarrate) Madozera igo beharko dute txirrindulariek. Etapa Mendukiloko haitzulorako igoerarekin amaituko da. Amaierara iristeko, lasterketa Lekunberritik Madozera igoko da bi kilometroz, Astizeko herrigunera iritsi eta, eskuinera biratuta, txirrindulari lasterketetan estrainekoz eginen den kilometro pasatxoko igoerari ekinen dio, hainbat tarte motzetan % 10eko desnibela izanen delarik.

Deialdia taxi-lizentzia bat adjudikatzeko

Deialdia taxi-lizentzia bat adjudikatzeko

Larraungo Udalak, 2026ko otsailaren 16an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen deialdi bat onestea, hiriko taxi-lizentzia bat adjudikatzeko, lehiaketa bidez, Larraungo udal-mugarterako.
Eskaintzak aurkezteko epea 20 eguneko izanen da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Parte hartzeko baldintzak:
Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo, bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan-baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.
b) Ez edukitzea beste taxi-lizentzia bat.
c) Indarrean dagoen legerian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloetako betebeharrak betetzea.

Eskaerak aurkezteko tokia eta epea:
1. Eskaerak Larraungo Udalaren Erregistro Orokorrean (Gabari Etxea, Mugiron) aurkeztuko dira edo egoitza elektronikoan (www.larraun.eus) 20 egun naturaleko epean, iragarki hau argitaratzen den hurrengo egunetik hasita.

Proposamenak postaz ere bidaltzen ahal dira; horretarako, interesdunak egiaztatu beharko du posta-bulegoan igorpena noiz egin duen, gordekinaren bidez. Orobat, eta aurreko paragrafoan adierazitako epearen barrenean, proposamena bidali duela egiaztatu beharko du mezu elektroniko bidez (info@larraun.eus). Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Dena dela, proposamenak aurkezteko epea bukatu eta 4 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.

Taxi-lizentzia.BON.

ETXARRIKO ETXEBIZITZA SOZIALA

ETXARRIKO ETXEBIZITZA SOZIALA

Larraungo bailaran alokairu sozialeko etxebizitzak eskuratzeko deialdia 2026ko otsailaren 16an onartu ondoren, Etxarriko alokairu sozialeko etxebizitza esleitzeko prozedurari ekingo diogu.

Deialdiaren oinarriak eta esleipen-prozeduraren xede izango den etxebizitza larraungo egoitza elektronikoa argitaratuak daude.
Esleipenerako, deialdian xedatzen den bezala, Larraungo bailaran etxebizitzak eskuratu nahi dituzten pertsonen erroldara joko da.

Interesatuta egonez gero, goian aipatutako deialdian eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da baremazioa egin ahal izateko. Dokumentazioa aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31ra arte izango da.

KORRIKA BUKAERA DENOK BILBORA!!

Korrika bukaera denok Bilbora!

Bilbora joateko autobusa Lekunberriko frontoiko aparkalekutik aterako da, martxoaren 29an, 08:45ean.

Zatoz Bilbora!!

EUSKAL DANTZA IKASTAROA

Euskal dantza ikastaroa

Jota, arin-arin, edota zortzikoa dantzatzen ikasi nahi?

Apirilak 20 – ekainak 8 (Astelehenetan), 18:00etan, Gabari Gune Irekian.

Izen-ematea: martxoaren 30a baino lehen

SALTO! UDALEKUAK 2026

Zabalik da Salto! udalekuetan izena emateko

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk, eta dagoeneko ireki da izena emateko epea. Martxoaren 31 arte izango da zabalik.

Aurten, 2008 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta bi txanda izango dira, udaren hasieran: ekainaren 23tik uztailaren 1era, eta uztailaren 3tik 11ra. Azken urteetan bezala, ibiltaria izango da ekimena: Markina-Xemeinen hasi eta, Aulesti eta Berriatua zeharkatu ondoren, Ondarroara iritsiko dira gazteak.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua, hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo, gazteen aisialdian ere eragin nahian.

Aurtengo udalekuei buruzko informazio guztia eta izena emateko galdetegia 👉 SALTO2026

KORRIKA KULTURALA

24. KORRIKA, Korrika kulturala

Hemen duzue egitaraua:

Otsailak 27 Pantxikarekin korrika

Martxoaren 14ean, eskulanak umeekin, 17:00etan Allin.

Martxoaren 20an, bertsotrikipoteo Julio Soto eta Ekhiñe Zapianekin, 19:00etan Lekunberrin.

Martxoaren 23an, Korrika festa! dantza, merendua… 17:30ean Lekunberriko Plazan.

Martxoaren 29an, autobusa Lekunberritik, denok Bilbora!!!

MUSIKA – ENTZUNALDIAK

Musika entzunaldiak

Musika entzunaldiak izanen ditugu Gabari Gune Irekian

Martxoak 10:
– 16:45 Pop-Rock, pianoa.
– 18:50 Gitarra.

Martxoak 11:
– 16:30 Trikitixa.
– 17:00 Saxofoia, zeharkako xirula, txistua.
– 18:00 Perkusioa.