Skip to content

Beotibarko batailaren 700. urtemuga nafar eta gipuzkoarren arteko adiskidetzea indartzeko balio izan du

Beotibarko batailaren 700. urtemuga nafar eta gipuzkoarren arteko adiskidetzea indartzeko balio izan du

Leitza, Berastegi, Lizartza, Larraun eta Lekunberriko Udaletako ordezkariak Ulia mendian bildu gara “inolako mugarik markatzen ez duen hegi baten bi aldeetako anai-arrebak” garela azaltzen duen adiskidetasun agiri bat izenpetzeko.

Irailaren 19an Beotibarko bataila bukatu zenetik 700 urte bete dira. Urte luzez Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko guda geopolitiko gisa azaldu izan da baina berriki Larraitz Ariznabarreta y Xabier Irujo historialariek argitaratutako ikerketak erakutsi du lapurreta bati lotutako liskarra besterik ez zela izan.

Urtemugaren harira, Leitza, Berastegi, Lizartza, Larraun eta Lekunberriko Udaletako ordezkariak Ulia mendian bildu dira, mendeetan zehar tregoak egiteko, akordioak lortzeko eta bakeaz hitz egiteko balio izan duten kokaleku enblematikoan. Bertan, beren eskualdeak adiskidetze, harmonia eta adiskidetasun lurraldeak direla adierazi dute, “duela anitz mende bezala gaur egun ere denok nazio bereko herritarrak gara, anai-arrebak gara eta hau ez da ‘mugako lurraldea’ ezta ‘gaizkileen muga’ ere, euskararen gunea baizik, milaka urtez guztion elkarbizitzarako habia hain zuzen”.

“Hemen gauden udalerriek ulermen protokolo hau sinatzen dugu, eta honen bidez, kultura eta gizarte-ongizate proiektuetan eta, oro har, bizilagunen bizi baldintzak hobetzen dituzten eta gure eskualdeko herri eta haran guztien adiskidetasuna eta bizikidetza sustatzen lagunduko duten proiektuetan lankidetzan jarduteko borondatea adierazten dugu”, hala dio udal ordezkariek sinatutako adiskidetze agiri berriak.

Doinuz betetako urtemuga
Ulian egindako ekitaldiaren bezperan, ordea, musika doinuek protagonismoa hartu zuten. Izan ere, Larraun bailarako Etxarri herrian efemeridearen harira Beltxaren bikotea musika taldeak eginiko diska zuzeneko batekin aurkeztu zuten.