Osoko Bilkuran onartu dugun mozioan Nafarroako Gobernuari UGEPa gelditzeko eta auzipetuen absoluzioa eskatzen dugu.
EUSKAL HERRIKO UDALEN MOZIOA
Aroztegiako Auzipetuei Elkartasuna Adierazi eta Absoluzioa Eskatzeko
Aroztegiko proiektuak, 340 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf
zelaia eta 228 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen du. Baztango etxeen %36a
etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direla jakinik, hasieratik nabarmena izan da
proiektu honen izaera espekulatzailea. Lekaroztarrek eta Baztandarrek behin eta
berriz proiektu honen kontrako iritzia adierazi badute ere, Nafarroako Gobernuak
UGEPa (Udalez Gaineko Eragina duen Plana) gisa onartuz proiektu hau inposatzen
tematu da. Modu honetan, Nafarroako Gobernuak herritarren interesak defenditu
beharrean, interes pribatu eta espekulatzaileak defenditu ditu, herritarrak inposizio
honen aitzinean beren burua defenditzera behartuz.
Hondar urteetan, Aroztegia proiektuaren kontrako oposizioan parte hartu duten
Baztandar herritar eta ordezkariek jazarpen judizial eta ekonomiko nabarmena
pairatu dute. Proiektu honek pelotazo urbanistiko bat burutzea du helburu, eta
Nafarroako Gobernuak UGEPa onartu izanak Baztango instituzioen eskumenak eta
herritarren erabakitzeko gaitasuna urratu ditu.
Prozesu honetan, enpresa pribatu baten mesedetan, demokrazia eta herritarren
borondatea alde batera utzi dira. Baztandarrek beren etorkizunaz erabakitzeko
duten eskubidea urratu dute, herri eta nekazal lurrak desjabetuz, baliabide
naturalak kaltetuz, eta desegituraketa soziala zein hizkuntza eta kulturaren
gainbehera eragingo lukeen proiektua bulkatuz. Hau Euskal Herrian historikoki
eman den zapalkuntza eta inposizioaren bertze adibide nabarmena da, herri
zapaldu eta okupatua garela berretsiz.
Horrez gain, 2021ean akanpada baten bidez Aroztegiko obrak geldiarazteko
desobedientzia ekimena aitzin eramateagatik zazpi auzipetuek pairatzen duten
egoera salatu nahi dugu: epaiketa izanen dute eta denera 20 urteko kartzela eta
56.000 euroko fidantza eskatu diete zigor gisa. Ez da zilegi eta ez da bidezkoa
herritarrak eta ordezkariak kriminalizatzea denenak diren lurrak eta baliabideak
defendatzeagatik.
Horrenbertzez, udal honek honako hau erabakitzen du:
1. Elkartasuna adieraztea Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei, eta beraien absoluzioa eskatzea.
2. Baztango herritarrek eta ordezkariek prozesu honetan jasan duten jazarpen judiziala eta ekonomikoa salatzea.
3. Herrien burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, eta pelotazo urbanistiko eta inposizioen aitzinean Euskal Herriko herritarrek berenetorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea defendatzea.
4. Otsailaren 1ean Iruñean eginen den manifestazio nazionalean Udal honen atxikimendua adieraztea, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egitea.
5. Nafarroako Gobernuari UGEPa gelditzeko eskatzea, bere erantzukizuna baita proiektua behin betirako gelditzea.