AZAROKO KULTURA ETA AISIALDI AGENDA

AZAROKO KULTURA ETA AISIALDI AGENDA

Hemen dago azaroko kultura eta aisialdi agenda! Zinema, haur eta gazteentzako eskaintzak, ospakizunak, mendi-irteera… Datak gorde eta animatu!

 

2026ko ARGAZKI LEHIAKETA – 2027ko EGUTEGIA

2026ko ARGAZKI LEHIAKETA – 2027ko EGUTEGIA

Larraungo eta Lekunberriko Udalek berriro ere elkarrekin antolatu dute urteroko argazki lehiaketa, 2027ko bailarako egutegia irudiz hornitzeko helburuarekin. Aurten ere, gure inguruko paisaiak, txokoak eta urtean zehar ospatzen ditugun jaiak zein ekintzak argazki bidez biltzea da xede nagusia.

Nork hartu dezake parte?

Lehiaketan parte hartu dezakete 14 urtetik gorako pertsonek, betiere Larraun edo Lekunberrin erroldatuta badaude.

Gaiak

Argazkiek Larraun eta Lekunberriko bizimodua eta aisialdia islatu behar dituzte, bi gai nagusi hauetan:

  1. Paisaiak eta lekuak: Bertako herrietako kaleak, enparantzak, etxeak, mendiak eta inguruko txokoak…
  2. Ospakizunak: Gure bailaran ospatzen ditugun festa eta ospakizunak: Inauteriak, Agate Deuna Bezpera,
    azokak, Larraungo Eguna, Sagardo Eguna, herrietako festak, Gau Beltza, Gabonak… eta gurean ospatzen ditugun beste hainbat ekintza.

Nola eta noiz aurkeztu?

  • Argazkiak helbide honetara bidali beharko dira: kultura@lekunberri.eus, epea zabalik dago 2025eko azaroaren 2tik 26ra, barne. Helbide horretara WeTransfer bezalako plataformetatik bidaltzea ere baimenduta egongo da.
  • Dokumentazioa: Argazkiekin batera PDF dokumentu bat bidali behar da egilearen datuekin (izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta e-posta). Adinez txikikoen kasuan, guraso edo tutoreen baimen-orria ere atxiki beharko da.

Sariak

Egutegirako hautatutako hamabi argazkiek 50€-ko sari bana jasoko dute. Honetaz gain, portadan ezarriko den argazkiak 50€-ko bigarren sari bat ere jasoko du. Sariok transferentzia moduan saritutako pertsonaren kontu zenbakira, Udaleko gastu korronteen aurrekontu sailerako karguarekin. Horretaz gain, hautatutako irudiak, egiletza behar bezala aipatuta, 2027. urteko bailarako egutegian sartuko dira eta etxe guztietara banatuko da. Gabonetan sari-banaketa antolatuko da, aurrerago iragarriko dena.

Gainerako irizpideak eta baldintzak hemen behean irakurgai!

2026ko ARGAZKI LEHIAKETA Larraun Lekunberri OINARRIAK BASES

ESNATU, GURE HITZKUNTZAK HAR DEZAN ARNAS

ESNATU, gure hizkuntzak har dezan arnas

Azken ikerketek eta datu soziolinguistikoek alarma guztiak piztu dituzte: euskara larrialdi egoeran dago, minorizazio gorrian, eta arnasguneen gainbeherak ez du etenik.

Lan handia egin da euskararen biziberritzean azken hamarkada hauetan. Hala ere, hizkuntza gutxitua da oraindik euskara eta, gaur egungo joera soziolinguistikoak irauli ezean, geldialdi zantzuek galera aroari bide emango diotela diote ikerketek.

Euskal Herrian eta Larraunaldean euskararen egoera zertan den ikusteko, UEMAk egoera horren aurrean bideratuko duen estrategiaren nondik norakoak azaltzeko eta eragileek udalerri euskaldunei eusteko zer egin dezaketen hausnartzeko hitzaldia antolatu dute Araitz, Basaburua, Larraun eta Lekunberriko Udalek UEMArekin batera:

 

EGUNA: urriak 23, ostirala
ORDUA: 18:30
LEKUA: Gabari Gune Irekia

 

 

OSTALARITZAN BERTAKO PRODUKTUAK ERABILTZEKO FORMAKUNTZA

OSTALARITZAN BERTAKO PRODUKTUAK ERABILTZEKO FORMAKUNTZA

 

Mendialdeko produktu eta kanal laburren hamabostaldiaren baitan “Ostalaritzan bertako produktuak erabiltzeko formakuntza” jarduera antolatu da.

Irakasleak : Paz Noguera sukaldaritza irakasleak eta Iñigo Ziganda Ekoaldeko kidea

Landuko da: bi plateren erakustaldia, laginketak/eskandalloak, eta bertako produktuak txertatzeko gomendioak. Eskualdeko eta Nafarroako produktuen dastaketa egongo da.

Data: Urriak 26. 16tatik 19tara
Lekua: Uitzi, Merkualde Elkartea
Hizkuntza: Saioa gazteleraz eta euskaraz izango da. Itzulpena egongo da

Izen-ematea: labur.eus/ostal-formak
Informazio gehiago: mimukai.eus / mendialdea-elikadura@cederna.es

SORMEN LEHIAKETA

SORMEN LEHIAKETA

 

Larraungo Euskara Batzordeak eta Araizko “Euskaraz bizi” taldeak Sormen lehiaketa antolatu dute Larraun eta Araitz bailaratan, eta baldintza hauek ezarri dituzte parte hartzeko:

Parte hartzaileak: honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten guztiek parte har dezakete:
– Bizitokia Larraun eta Araitz bailaratan dutenek (LHko 5. mailatik DBHko 4. mailara).
– Ibarberri eta Araxes ikastetxeetan ikasten dutenek, bizitokia edozein dela ere (LHko 5 mailatik DBHko 2 mailara).
– Amazabal institutuan ikasten dutenek, bizitokia edozein dela ere (DBHko 3.eta 4. mailak).
– Bizitokia Larraunen edo Araitzen duen 18 urtetik gorako edozeinek.

Kategoriak: Lehiaketan honako kategoria hauek bereiziko dira:
a) LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena.
b) DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena.
d) DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena.
e) 18 urtetik gorakoena.

Modalitateak:
a) Bertsoa: LH 5. eta 6. mailak.
Lau oin emanda, launa lerroko bi kopla sortu beharko dira.
Gaia: librea.

b)Mikroipuina: gainerako kategoria guztiak.
Luzera: ez dago aurrez ezarritako mugarik; Mikroipuin izendapenaren barrenean sartzen den oro onartuko da.
Gaia: librea.

Lanak aurkezteko epea: Lanak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 16an bukatuko da.

ETXARRIKO ALOKAIRU SOZIALEKO ETXEBIZITZA

Etxarriko alokairu sozialeko etxebizitzaren behin betiko esleipena onartu da

 

Larraungo Udalak amaiera eman dio Etxarriko alokairu sozialeko etxebizitza esleitzeko prozesuari eta behin betiko zerrenda, puntuazioa eta lehentasun-ordena onartu ditu. 

Prozesuaren xehetasunak:

  • Udalak 2026ko otsailaren 16an onartu zuen etxebizitzaren alokairurako baremoa eta eskaerak aurkezteko epea ireki zuen.
  • Irailaren 7an behin-behineko zerrenda eta puntuazioak onartu ondoren  eta epealdian alegaziorik aurkeztu ez denez, zerrenda eta lehentasun-ordena behin betiko bihurtu dira.

Atxikitutako dokumentuan ikus daiteke behin betiko zerrenda: Etxarriko alokairu sozialeko etxebizitza