ANTZERKIA: ETXEA

ETXEA antzezlana amaHiru konpaniaren eskutik!
Geuretik Sortuak proiektuaren baitan sortutako antzezlana izanen dugu apirilaren 18an Gabari Gune Irekian.

AmaHiru konpainiak horrela deskribatzen du Etxea lana:

“Berrehun metro karratuko etxe baten aurrean aurkitzen gara. Sabai altuak, haritz egurrezko zoruak eta kaobazko ateak. Hemen ezkerretara egongela nagusia, lan prekarioaren ondoan eta aurrerago beste egongela txikiago bat inoiz lortuko ez dituzun ametsez betea. Sukaldea hor parean, bidean ahaztu zenituen lagunen jangelarekin konektatua. Bi komun, amak saldu duen etxean bezala, biak bainuontzi eta nostalgiaz ornituak. Dena oso argitsua, ez zure etorkizuna bezala. Hiriko teilatu guztiak ikusten diren hiru balkoi ditu: Itsaso, Pello eta Sebas. Gure protagonistak bezala. Sukaldean amona, etxe honen jabe, zaintzaile eta presoa. Bizitzera sartzeko modukoa. Aukera paregabea”.

Fitxa artistikoa:
Egilea: Iñaki Cid
Aktoreak: Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegi, Iñaki Cid
Zuzendaria: Jon Ander Alonso
Produkzioa: Javi Arbillaga

ERRENTA AITORPENA EUSKARAZ

Errenta aitorpena ere euskaraz egiteko deia egin dute UEMAk eta Larraungo Udalak

Heldu den apirilaren 9an hasiko da Nafarroan 2025eko errenta eta ondarearen gaineko aitorpena egiteko kanpaina. Horren harira, UEMAk eta Larraungo Udalak dei egiten diete herritarrei ogasunarekiko harremanetan euskararen aldeko hautua egin eta errenta aitorpena euskaraz egitera.

Apirilaren 9tik aurrera ekainaren 25era bitartean martxan izanen den kanpaina honetan, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera dute, eta hori gauzatzea erraza da: internet bidez, telefonoz, aholkularitza bulegoetan edo finantza entitateetan aitorpena euskaraz egin nahi dela adierazi besterik ez dugu behar.

Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira errenta aitorpena ere euskaraz egiten duten herritarrak. Oraindik egiten ez duten horiek animatu nahi ditu udalak*, euskararen erabilera eremu guztietara zabaltzeko bidean, urrats eraginkorra baita  administrazioarekin eta kasu honetan, ogasunarekin ere euskara erabiltzea.

Nola egin errenta aitorpena euskaraz

Autolikidazio proposamena

  •  Errenta aitorpenaren proposamena zuzenean euskaraz jaso ahal izateko, hizkuntza aldaketa egiteko eskaera egin beharra dago ondoko helbidean: labur.eus/ErrentaEuskarazNafarroan
  • Behin aldatuta, aurrerantzean euskaraz jasoko duzu proposamena.

Telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa

  • Hitzordua hartzerakoan, adierazi ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
  • Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai bulegoan aurrez aurre, bai telefonoz zein internet bidez ere.

Internet bidezkoa

  • Ogasuneko errenta.nafarroa.eus atarian sartu, edo hizkuntza atalean euskara hautatu.
  • Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
  • Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezakezu.

Euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen jarraitzeko, urrats erraza bezain eraginkorra izan daiteke errenta aitorpena euskaraz egitea.

Kanpainari buruzko informazio gehiago: https://www.uema.eus/eu-ES/Albisteak/Orriak/20260326-errenta-ere-euskaraz.aspx

ITZULIAK LARRAUN-LEKUNBERRI BISITATUKO DU

2026ko Euskal Herriko Itzuliak Larraun eta Lekunberriko lurraldeak bisitatuko ditu berriro datorren apirilaren 7an, asteartean.

Larraun eta Lekunberriko udalek, Javier Riaño Itzulia antolakundeko arduradunarekin batera, agerraldia egin dugu Mendukiloko haitzuloan, etapa amaituko den tokian, hain zuzen ere.

Udalek eta antolakundeak inguru zoragarri honetara etapa eramateko gakoak izan diren guztien arteko elkarlana eta koordinazioa azpimarratu dituzte.

Larraungo eta Lekunberriko alkateek, bertako ardatz identitario gisa, paisaia, kultura, tokiko ekonomia eta euskara jarri ditugu balioan. Ardatz horiek lurraldea bisitatu nahi dutenentzako erakusleiho izan nahi dute, bai etaparen egunean, baita bisita eta gozameneko bestelako egunetan ere.

Agerraldi horretan Astizko Kontzejuko presidentea den Joxemari Azpirotzek hartu du parte, eta ondare eta turismoaren helmuga den toki honen jasangarritasuna azpimarratu du, Larraunek eta Lekunberrik eskaintzen duten naturgune zabalagoaren parte gisa.

Aurtengo Itzuliaren bigarren jardunaldia Iruñetik abiatu eta Astizko Mendukilo haitzuloan amaituko da. 165 kilometro eta profil menditsua izango ditu, Uharte Arakiletik abiatzen den zementuzko pistatik Aralarko San Migelerako igoera barne. Kategoria bereziko mendatea da, 9 kilometro pasatxokoa eta % 7,8ko batez besteko desnibelarekin.

Egun horretan, Irurtzundik (Zuarrarrate) Madozera igo beharko dute txirrindulariek. Etapa Mendukiloko haitzulorako igoerarekin amaituko da. Amaierara iristeko, lasterketa Lekunberritik Madozera igoko da bi kilometroz, Astizeko herrigunera iritsi eta, eskuinera biratuta, txirrindulari lasterketetan estrainekoz eginen den kilometro pasatxoko igoerari ekinen dio, hainbat tarte motzetan % 10eko desnibela izanen delarik.