OTSAILEKO KULTURA & AISIALDI AGENDA

Otsaileko kultura eta aisialdi agenda!

Jarduera askorekin dator otsaila! Ihoteak, kirola, antzerkia, zinea, erakusketak…
Gorde datak eta animatu zaitez!

EUSKARAREN EGOERA LARRAUNEN

Euskararen egoera Larraunen

Zein da euskararen egoera Larraunen? Zer gehiago egin dezakegu?

Herriko datuak ikusiko ditugu, Euskal Herriko joera aztertu, larraundarrok galdetegi bidez egindako argazkiari begiratu bat eman, eta denon artean datozen urteotarako erronkak eta egin daitezkeen ekintzak pentsatuko ditugu.

Urtarrilaren 29an euskararen egoerari buruzko saioa Gabari Gune Irekian. Etorri eta parte hartu!

Gaztetxokorako bi begirale behar dituzte

Lekunberriko Garapen Elkartea S.L.-k Gaztetxokorako bi begirale kontratatzeko eta lan-poltsa bat sortzeko deialdia zabaldu du. Gaztetxokoa 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Hurrengo hauek dira baldintza, betekizun eta epe guztiak:

Eskaintza:
Begirale lanbide mailako lana izango da eta saioak Lekunberriko Ibarberri ikastetxeko areto batean garatuko dira. Urtarriletik ekainera, ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara.

Lan hitzarmena Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren arabera zehaztuko da eta soldata hitzarmenaren C mailakoa izango da.

Behin curriculuma entregatzeko epea amaituta, deialdi honetan jarritako puntuazioaren arabera erabakiko da, eta pertsonen zerrenda bat osatuko da puntuazio gehienetik gutxienera.

Funtzioak:
Izena ematen duten ikasleekin sortzen diren taldeak dinamizatu egin beharko dituzte begiraleek, astero programazio bat landu, neska-mutilen interesetatik abiatuz. Bereziki landuko dira zenbait balio: laguntasuna – enpatia, talde giroa, naturarekiko sentiberatasuna, bailaren ezagutza, genero berdintasuna, euskaltzaletasuna, parte hartzeko jarrera…

Gutxieneko baldintzak:
-Adin nagusikoa izatea.
-Batxilergoa edo 2. mailako LH edo horien baliokidea den titulua.
-Euskara ulermen eta elkarrizketa maila handia. Elkarrizketan baloratuko da.
-Euskara maila. C1 titulu baliokidea, edo horri dagokion proba gainditzea.
-Sexu Delitugileen ziurtagiria.

Hautaketa prozesuari dagokionez, formakuntza, proiektua eta honen defentsa baloratuko dira.

1. FORMAKUNTZA (gehienez 10 puntu)

Erdi Mailako Lanbide Heziketako tituluak: 6 puntu
-Natura, Heziketa Fisikoa eta Kirol Jardueretan Teknikaria (edo baliokideak)
-Arreta Soziosanitarioko Teknikaria, edo Mendekotasuna duten Pertsonen Arretarako Teknikaria

Goi Mailako Lanbide Heziketako tituluak: 8 puntu
-Gorputz edo Kirol Alorreko Animazioko Goi Mailako Teknikaria (edo baliokideak)
-Gizarte eta Kultur Animazioko Goi Mailako Teknikaria (eta Turistikoa)
-Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikaria
-Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikaria

Diplomaturak, lizentziak edo graduak: 10 puntu
-Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Hezkuntza Bereziko Irakaslea
-Hezkuntza edo Gizarte Lana
-Psikologia, Pedagogia edo Psikopedagogia
-Gorputz Heziketako eta Kiroletako Zientziak (edo baliokideak)

Beste formakuntzak:
-Aisialdiko Begiralea (4 puntu)
-Animatzaile Soziokulturala (4 puntu)
-Eskulanak, kirola, argazkilaritza, hezkuntza, ingurugiroa, dantza… erakunde publikoek emandakoak. Puntu bat 50 orduko
-Gizon eta emakumeen berdintasunari buruzko ikastaroak, jarduerari lotutako teknologia berriei buruzko edo gazteria arloko profesionalei zuzendutako ikastaroak (INJ). Puntu bat 50 orduko

2. PROIEKTUA (gehienez 25 puntu)
Hautagai bakoitzak hilabete bateko plangintza aurkeztu beharko du, saio eta aste bakoitzean zer eta nola landuko duen azalduz.

3. ELKARRIZKETA (gehienez 15 puntu)
Proiektuaren defentsa

Eskabidea: 2026ko urtarrilaren 28a arte
-NANaren fotokopia
-Curriculum-a
-Eskatutako tituluak eta merituei buruzko ziurtagiriak
-Hilabete bateko plangintza

Datuak hauetako lekuren batean aurkeztu behar dira:
-Plazaola Kiroldegia. Burundegia 9, 31870 Lekunberri
-E-posta: plazaolakirolgunea@gmail.com
-Telefonoa: 948 507 377

Elkarrizketak emaitza ona eman du Correos-en

Elkarrizketak emaitza ona eman du Correos-en:

– Larraungo eta Lekunberriko udalek eta zenbait herritarrek eskaria bidali diote Correos-i jende aurreko zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskain dezan, eta enpresaren erantzunaren zain gaude gaur egun.
-Langile berria aldiz, prest azaldu da Euskaltegian izena eman eta euskara ikasten hasteko.

Larraungo eta Lekunberriko udal ordezkariak harremanetan jarri dira Correos enpresarekin, jende aurreko zerbitzua ez zelako ari eskaintzen bi hizkuntza ofizialetan. Enpresarekin zenbait elkarrizketa eduki ondoren, hasiera batean prest agertu da langileari erraztasunak emateko euskara maila hobetu dezan, baina oraindik ez dugu proposamen zehatzik jaso ez langileak eta ez udalek ere.

Langilearekin ere bildu gara udal ordezkariak, eta bere ezinegona adierazi digu, sareetan zabaldu den mezuak bera jartzen zuelakoan jo puntuan; udaletatik onartu egin da zabaldu den mezua ez dela izan egokiena, eta informazio desegoki hori konpontzeko neurriak hartu ditugu. Langileari barkamena eskatu diogu, eta argi adierazi diogu udalen eta herritarren eskaria ez dela izan langilearen aurkakoa; eskaerak Correos interpelatzea zuen helburu.

Langileak adierazi digu, gainera, berak ulertzen eta onartzen duela udalen eta herritarren eskaria, eta bere esku dagoen guztia egingo duela zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izateko etorkizunean; horretarako, euskaltegian izena emateko prest agertu da. Elkarrizketaren bidez, gaia egoki bideratu dugu denon artean, eta aurrera begira lanean jarraituko horrelako egoerarik gerta ez dadin.

2026ko urtarrilaren 13a

ARGAZKI LEHIAKETAREN SARI BANAKETA

Argazki lehiaketaren sari banaketa

Pasa den igandean, hilaren 4an, Argazki eta Gabonetako Argien Lehiaketen sariak banatu ziren Gabari Gune Irekian. Argazki Lehiaketan 33 partaide izan dira aurten, urtetik urtera partaidetza handituz doa eta baita argazkien kalitate ere. Guztien artean aukeratutako 12 irudiekin bailarako egutegia osatu da, jadanik etxeetara pixkanaka bidaltzen ari dena.

Juanma Zubia izan zen portadako irabazlea, eta berarekin batera Iñaki Montes, Juan Antonio Garaikoetxea, Nerea Oreja, Luisa Aldaburu, Jone Gabari, Yolanda Juanena, Itziar Gastesi, Juan Miguel Fernandez eta Olga Barearen irudiek ere saria lortu zuten.

Haiei guztie, zorionak!