Skip to content

2025eko bailarako egutegia osatzeko argazki lehiaketa

2025eko bailarako egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Azaroaren 29ra arte argazkiak aurkezteko epea dago, sartu albistean lehiaketaren oinarriak ikusteko.

2024ko ARGAZKI LEHIAKETA – 2025eko EGUTEGIA
2025eko bailarako egutegia hornitzeko argazki lehiaketaren oinarriak:

1. Helburua.
Larraungo eta Lekunberriko Udalek 2025eko bailararako egutegia hornitzeko argazki lehiaketa bat antolatu dute.

2. Parte hartzaileak.
Argazki lehiaketan parte hartu dezakete 14 urtetik goragoko pertsonek, eta Larraun edo Lekunberrin erroldatuak izatea.

3. Oinarrien iragarpena.
Larraungo eta Lekunberriko Udalek bere webguneetan emanen dute deialdiaren berri, baita Udaletako zein Kultura Saileko iragarki-taulan eta sare sozialetako profil ofizialetan ere.

4. Lehiaketaren baldintzak.

o Bailararako egingo dugun egutegi honek Larraun eta Lekunberrik urtean zehar duen bizimodua eta aisialdia islatzea izango da xede nagusiena. Horretarako, urte osoari kolorea emateko, bi gai ireki izango dira:

1. PAISAIAK, LEKUAK. Bertako herrietako kaleak, enparantzak, inguruko paisaiak, etxeak
eta txokoak…
2. OSPAKIZUNAK. Gure bailaran ospatzen ditugun festa eta ospakizunak: Inauteriak, Agate Deuna Bezpera, azokak, Larraungo Eguna, Sagardo Eguna, herrietako festak, Gau Beltza, Gabonak… eta gurean ospatzen ditugun beste hainbat ekintza.

o Partaide bakoitzak gutxienez 2 irudi bidali beharko ditu eta gehienez 6. Lanak proposatutako gaietara egokitu beharko dira, argi eta garbi geratuz irudia Lekunberri edo Larraungo bailaran hartuta dagoela.

o Irudiak koloretan ala zuri-beltzean izan daitezke.

o Aurkezten diren irudi guztiek jatorrizkoak edo argitaratu gabeak izan behar dute, egungoak edo artxibokoak, eta ezingo dira beste lehiaketa batean sariturik izandako argazkirik aurkeztu, ez eta beste moduren batean erakutsi, argitaratu edo zabaldutakoak ere.

o Argazkiak orientazio horizontalean eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira, JPEG ala PNG eran, inprimatzeko kalitate onekoak (ez dira 1MB baino gutxiagoko lanak onartuko), eta formatu horizontalean eginak. Baloratuko da telefono mugikorren iragazki-sortzaileak ez erabiltzea, edo hala bada hauek kalitatezkoak izatea.

o Argazkiak helbide honetara bidali beharko dira: kultura@lekunberri.eus, epea zabalik dago 2024ko azaroaren 4tik 29ra, barne. Helbide horretara WeTransfer bezalako plataformetatik bidaltzea ere baimenduta egongo da.

o Irudi bakoitza bere izenburuarekin izendatu beharko da, eta ezin izango da inolaz ere argazkiaren egilea identifikatu. Argazkiek ez dute sinadurarik edo ur-markarik izango. Argazkiekin batera, PDF formatuan egongo den dokumentu bat bidali beharko da, eta bertan argazkiaren izenburuekin batera egilearen datuak azalduko dira: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoa zehaztuko dira. Honekin batera, partaidea adinez txikikoa bada, beren guraso edo tutoreen baimen ohar bat ere igorri beharko da, guraso/tutorearen datuekin, partaidearen datuekin lehiaketan parte hartzeko eskumena ematen diola adieraziz.

o Parte-hartzaileen erantzukizuna izango da hirugarrenei eskubiderik ez egoteaz, eta irudi-eskubideak direla-eta erreklamazioak egongo balira. Partaideak argazkien jabetza intelektuala gordeko du, baina Lekunberri zein Larraungo Udalek argazkiak argitaratu eta erabiltzeko eskubidea izango dute, irabazle izan ala ez. Honek ez dio egileari inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik emango, eta ez da horien irabaziko erabilerarik egingo.

5. Epaimahaia.
Argazkiak aukeratzeko epaimahaia argazkigintzaren munduko pertsonek edota Udaletako ordezkari zein langileek osatuko dute. 2024ko abenduaren 10ean argitaratuko dira argazki saridunak eta irabazleak bi Udalen komunikabideetan, eta orduan iragarriko da sari-banatzearen data eta formatua. Argitaratu aurretik, sarituei berria emango zaie. Epaimahaiak lehiaketa hutsik
uzteko eskubidea izango du.

6. Balorazio irizpideak.
Aurkeztutako lanak irizpide hauen arabera baloratuko dira:
1. Proposatutako gaiarekiko lotura.
2. Irudiaren estetika.
3. Egutegirako aproposa izatea.

7. Sariak.
Egutegirako hautatutako hamabi argazkiek 50€-ko sari bana jasoko dute. Honetaz gain, portadan ezarriko den argazkiak 50€-ko bigarren sari bat ere jasoko du. Sariok transferentzia moduan saritutako pertsonaren kontu zenbakira, Udaleko gastu korronteen aurrekontu sailerako karguarekin. Horretaz gain, hautatutako irudiak, egiletza behar bezala aipatuta, 2025. urteko bailarako egutegian sartuko dira eta etxe guztietara banatuko da. Gabonetan sari-banaketa antolatuko da, aurrerago iragarriko dena.

8. Oinarriak onartzeko konpromisoa.
Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar, ondorioz, horiek ez betetzeak lehiaketatik kanpo utziko ditu parte hartzaileak.

9. Izaera pertsonaleko datuen tratamenduari buruzko informazioa.
Larraungo eta Lekunberriko Udalak dira izaera pertsonaleko datuak tratatzeko arduraduna. Datuok Udalek antolatutako jardueretan herritarren parte-hartzea kudeatzeko erabiliko dira, botere publikoen jardunean.

Datuak, indarrean dagoen legeriari jarraituz, lagatzen ahalko dira. Datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, udal bulegoetara joz. Lehiaketa honekin lotutako izaera pertsonaleko datuen tratamenduari buruzko informazio gehigarria ikus dezakezu www.larraun.eus eta www.lekunberri.eus webguneetako lege-oharrerako atalean.

Larraungo eta Lekunberriko Udalek eskubidea gordetzen du irabazleen eta hauen senideen izena eta/edo irudiak zabaltzeko, egoki deritzon bitarteko eta formetan, lehiaketa ezagutzera emateko. Halaber, Udalek konpromisoa hartzen dute argazki horien erabilerak ohorearen, intimitatearen eta norbere irudiaren aurkako kalterik sortu ez dezan, datuen babeserako eta ohorerako, intimitaterako eta norbere irudiaren gaineko legeria errespetatuz. Bestalde, hartutako eta zabaldutako irudi horiengatik ez dela inolako konpentsaziorik
emanen jakinarazten dute.