Salto! Badatoz udalerri euskaldunetako gazte udalekuak

Aurtengoan ere udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu UEMAk. Salto! lelopean, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea bilatuko dute udalekuek. Formatua errepikatuko da, ibiltariak izango baitira egonaldiak. Tolosaldean eta Goierrin barrena ibiliko dira aurten gazteak, Baliarraindik Idiazabalera, Zaldibia eta Ataun ere zeharkatuz.

2007 eta 2010 urteen artean jaiotako 60 lagunentzako tokia izango da txanda bakoitzean. Lehen txanda ekainaren 22tik 30era izango da eta bigarrena uztailaren 2tik 10era. Izen-ematea martxoaren 1ean zabalduko da eta martxoaren 31n amaituko da.

Autokontsumoko instalazio kolektiboan parte hartu ezazu, Ixkier komunitate energetikoaren eskutik

Ixkier komunitate energetikoa gure bailaran energia kontsumoari buruzko hainbat lanketa egiten dabil. Komunitatea horretarako jaio baitzen: kontsumo arduratsua, kontzientea, berriztagarria eta hurbilekoa egiteko egitasmoak bultzatzeko.

Nafar Gobernuak komunitate energetikoentzako atera berri dituen diru-laguntzetan instalazio fotovoltaiko kolektibo bat egiteko aukera sortu da. Mota honetako inbertsioak %60an diruz lagunduko dira, eta urriaren 15a baino lehen gauzatu beharko da.

Instalazioaren ezaugarriak

Aurreikusten den instalazioa 100Kwnkoa izango da eta Lekunberriko kiroldegiko teilatuan egingo da. Parte hartzeko, norberaren kontsumo puntua instalaziotik gehienez 2 kilometrotara egon behar du; beraz Lekunberri, Iribas, Alli, Mugiro eta Etxarriko herritarrek izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Ixkier komunitate energetikoak 40 kontsumitzaileri emango du momentuz aukera. Hala, kontsumitzaile bakoitzak 2.5kw izango lituzke. Hasierako asmoak horiek izanda ere, behin interesdun guztiak bilduta, banan banako beharrak aztertuz, potentzia banaketa kontsumitzaile bakoitzarentzako egokitzen saiatuko da Ixkier.

Eman izena!

Proiektuan parte hartzeko interesa izanez gero, idatzi mezu bat martxoaren 30a baino lehen ebkomunitatea@gmail.com helbidera.

Eman izena euskal dantza saioetan!

Euskal dantzetan aritu eta aditu bihurtu nahi? Dantza-jautziak, jotak, arin-arina, zortzikoa eta ingurutxoa menperatu nahi badituzu apiriletik aurrera aukera bikaina duzu, euskal dantza saioak eskainiko baitira doanik Gabari Gune Irekian.

Apirilaren 7tik ekainaren 9a arte eskainiko dira saioak, astelehenetan. 18:00tan ikastaroak antolatuko dira eta 19:00etan saio irekiak. Izen-ematea doakoa izango da, baina martxoaren 31a arte egongo epea inskripzioa egiteko. Bi modu daude horretarako, 621 15 04 55 telefonoan edota kultura@lekunberri.eus helbidera idatzita.

Plazaola Kirolgunerako garbitzaile postuan baja bat betetzeko lan eskaintza

Lekunberriko Garapen Elkartea S.L. enpresak baja bat betetzeko lan eskaintza deialdia zabaldu du. Aurkezteko epe muga 2025eko martxoaren 19a da. Eskainiko den lanpostua garbiketakoa da eta Lekunberrin, Plazaola Kirolgunean izango da. Interesa duen orok lgeplazaola@gmail.com helbidera bidali beharko ditu bere datuak edota Plarazola Kirolgunera bertaratu (Burundegia kaleko 9. zenbakian, Lekunberrin).

Lanpostuaren zehaztapenak

Eskaintzen den lanpostua garbiketakoa da eta eginkizunak kirol instalazioak garbi mantentzea, batetik, eta bestetik, garbiketa produktuen eskaera egitea izango da. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 5 ordukoa izango da egun bakoitzeko. Larunbat eta igandeen kasuan, bi asteburutik behin, 5 ordukoa egunean.

Lan hitzarmena kirol zerbitzuak eta ekipamenduak kudeatzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuen Hitzarmen Kolektiboa da, 2025. urterako adostutako hobekuntzekin. Ondorioz, soldata aipaturiko hitzarmenaren baitakoa izango da.

Gutxieneko eskakizunak eta balioan jarriko diren gaitasunak

Ezinbesteko eskakizunak bi dira. Lehena, eskola-graduatua edo baliokideak diren gutxieneko ikasketak izatea. Bigarrena, hamasei urteak beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea. Horrez gain, balioan jarriko da garbiketa lanetan esperientza izatea eta Nafarroako bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelera, ezagutzea.

Haur eta gazteen aisialdirako begirale titulu ofiziala lortzeko ikastaroaren inguruko bilera informatiboa

Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak zonaldeko 17 urte edo gehiagoko gazte euskaldunei bideratutako begirale titulurako ikastaroa antolatu du. 2025-2026 ikasturtean zehar haur eta gazteen aisialdirako begirale titulu ofiziala lortzeko ikastaroa eskainiko du Larraintzarren. Gutxieneko taldea 10 lagunekoa da eta gehienez taldean 25 plaza eskainiko dira. Ikastaroak 310 orduko iraupena izango du; horietatik 150 ordu atal teoriko-praktikoei eskainiko zaie, hainbat modulotan banatuta. Atal praktikoak, bestalde, 160 orduko iraupena izango du.

Ikastaroari buruzko zehaztapen gehiago nahi dituzu?

Ultzamaldeko Euskara Zerbitzuak haur eta nerabeen aisialdirako begirale izateko titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa antolatu du eta ikastaroaren inguruko azalpenak eman eta zalantzak argitzeko, bilera informatiboa antolatu du martxoaren 26an, arratsaldeko 18:00etan, Larraintzako Bentako 3. gelan. Bilerara bertaratu nahi izanez gero, aurrez izena eman beharko duzu martxoaren 21a baino lehen. Horretarako, idatzi mezu bat ezubioa@iparmank.eus helbidera, zure izen-abizenak eta telefono zenbaki bat zehaztuz.