Mendialdeko Azoka Baraibarren: Larraun Ura eta Lurra proiektua egoera berrira egokituz.

“Ura eta Lurra proiektuaren bidetik, gure ingurunetik sortutakoa balioan jarri, ikusgarri egin eta bertatik bertarako ekonomia bultzatzea helburu izango du”

Larraun Ura eta Lurra etenaldian izan da orain arte, COVID-19aren bilakaeraren ondorioz Nafarroako Gobernuak hartutako neurriak zirela-eta. Horrela bada, egoera aztertu eta Larraun Ura eta Lurra proiektua egoera berrira egokitzea erabaki da, gure eskualdeko ekoizleen produktuak eskainiko dituen azoka antolatuz.

Larraungo Udalak, CEDERNA-GARALUR garapen agentzia eta Plazaola turismo partzuergoarekin batera, eta bertako ekoizleekin harreman estuan, Mendialdeko Azoka antolatu du. Ura eta Lurra proiektuaren bidetik, gure ingurunetik sortutakoa balioan jarri, ikusgarri egin eta bertatik bertarako ekonomia bultzatzea helburu izango du azaroaren 22an gauzatuko den ekimen honek.

Eskualde mailako ekimen koordinatua

Aipatzekoa da eskualde mailan partekatutako hausnarketa baten ondorio dela, eta inguruko udalerriekin batera koordinatutako azoka ezberdinen testuinguruan kokatzen dela; izan ere, aste hauetan zehar Goizuetan, Leitzan eta Araitzen ere azokak antolatzen ari dira, batzuen eta besteen arteko sinergiak bilatuz eta azoka horietan erosteko ohitura sustatzeko asmoz.

Horrela bada, herritar guztiei egiten diegu dei igandeko azokara bertaratu eta nahi izanez gero bertako produktuez gozatzeko aukera baliatzeko. Osasun-neurriak zorrotz betetzen direla bermatuko dugu.