Elkarlanean landutako Larraungo boulder-aren proiektua, bukatzear.

Urte hau bukatzerako eskalada-gune berriaren eraikuntza bukatuta egotea eta urte berriko urtarrilean inauguratzea aurreikusten da.

Larraungo Udala herritar-talde batekin elkarlanean, eta Baraibarko Kontzejuaren laguntzaz, eskalatzeko gune baten proiektua garatzen aritu da azken urtebetean zehar. Lan hori guztia bere fruituak ematear dago, izan ere, urte hau bukatzerako eskalada-gune berriaren eraikuntza bukatuta egotea eta urte berriko urtarrilean inauguratzea aurreikusten da. Halaber, elkarlaneko bide oso bat ibili izan da honaino iritsi arte.

Herritar-talde bat Larraungo Udalarekin harremanetan jarri zen bailaran eskalada praktikatzeko espazio bat sortzeko proiektu berri bat abiatzeko asmoz.

Aurreko ikasturtean, azken urteetan rokodromoaren inguruan lanean ibili izan den herritar-talde bat Larraungo Udalarekin harremanetan jarri zen, bailaran eskalada praktikatzeko espazio bat sortzeko proiektu berri bat abiatzeko asmoz. Boulder deritzonaren proiektua landuta, Udaleko kirol-zinegotzi den Xabier Azpirotzekin eskuz esku lanean hasi ziren. Instalazio egoki baten bila jarri eta Baraibarko eskola-etxea zenaren aukera egoki ikusi zen. Horrela, Baraibarko Kontzejuari proiektuaren berri eman eta eskuzabalik hartu zuten ekimena, gunearen erabilera-zesioa egiteko prestutasuna adieraziz. Jarraian, auzolan batzuk deitu ziren, gunea egokitu, azaleko garbiketa egin eta hurrengo pausuetarako prest uzteko. Horrela bada, instalazio elektrikoa egokitu eta eskalada praktikatzeko piezak jartzea izango lirateke azken eginbeharrak.

Auzolan batzuk deitu ziren, gunea egokitu, azaleko garbiketa egin eta hurrengo pausuetarako prest uzteko.

Hori horrela, eskalada-taldetik 2020ko aurrekontuetan bailarako bi udalek 15.000 euroko diru partida bana jartzea eskatu zuten proiektua martxan jartzeko. Larraungo Udalak, bere partetik, ongi ikusi zuen herritar-talde baten ekimenez eta ilusioz abiatutako proiektua bultzatzea. Hortaz, ordura arteko lankidetzari eutsi eta inbertsio ekonomiko hori egiteko erabakia hartu zen, aurrekontuetan diru-partida hori erantsiz. Pandemia garaiak erdian harrapatu arren, Larraungo Udaletik Nafarroako Gobernuak ateratako diru laguntza bat lortzeko eskaera egin zen, kirol instalazioak erreformatzeko edo egokitzeko bideratutakoa. Bertan, beste 15.000 euroko diru-laguntza izateko aukera egon zitekeen arren, laguntza horiek udalerri handietako kirol instalazioetara bideratu ziren gehienbat, herri txiki eta ertainetako proiektuak alde batera utziz.

2020ko aurrekontuetan bailarako bi udalek 15.000 euroko diru partida bana jartzea eskatu zuten proiektua martxan jartzeko. Larraungo Udalak, bere partetik, ongi ikusi zuen herritar-talde baten ekimenez eta ilusioz abiatutako proiektua bultzatzea.

Arazoak arazo, bailarako boulder proiektu honen aldeko apustuan aurrera egin dugu, bailarako eta eskualdeko biztanleentzako zerbitzu berri bat eta aisialdi-aukera osasuntsu bat izango baita, gainera, gure ingurunearekin lotura estuagoa sortu lezakeena. Horrez gain, herri eragileen ilusio eta konpromezutik abiatutako ekimenek are balio handiagoa dute, herritarrak ahaldundu eta guztiona denaren gaineko ardura hartzeko baliagarri izan daitezkeelako. Hortaz, prozesu honetan zehar eskalada-taldearen gogoa eta konpromezua zein Baraibarko Kontzejuaren eskuzabaltasuna eskertu nahi ditugu, baita egiten ari garen bide honetan instituzio eta herritarren arteko elkarlana balioan jarri ere.

Eskalada-taldearen gogoa eta konpromezua zein Baraibarko Kontzejuaren eskuzabaltasuna eskertu nahi ditugu, baita lantzen ari garen instituzio eta herritarren arteko elkarlana balioan jarri ere.

 

Bioeraikuntzaz gehiago jakiteko aukera, larunbat honetan.

Izena ematea ezinbestekoa da

Larunbat honetan, azaroaren 28an, bioeraikuntzaren inguruko hitzaldi-tailerra eskainiko dugu Ura eta Lurra proiektuaren barruan. Indarrean dauden osasun-arauak jarraituz, 16 pertsonentzako aforoa izanen da Larraungo Udaletxera bertaratu nahi dutenentzako. Bestalde, online zuzenean jarraitzeko aukera ere eskainiko dugu, etxetik ikustea nahiago dutenentzat.

Bi kasuetan, izena ematea ezinbestekoa da, zenbaki honetara mezu bat bidaliz: 621 299 301.

Mendialdeko Azoka giro ederrean joan zen Baraibarren (argazki galeria).

Ekoizleek zein antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, eta aurrera begira ekimen honekin edota antzekoekin jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Joan den igandean, hilaren 22an, Mendialdeko Azoka izan genuen Baraibarren, eskualdeko produktuak ikusteko, dastatzeko eta erosteko aukera bikaina. Giro ederrean joan zen jardunaldia, izan ere, eguraldiak lagundu zuen eta jende asko bertaratu zen. Ekoizleek zein antolatzaileek (Larraungo Udala, Cederna-Garalur eta Plazaola) oso balorazio positiboa egin dute, eta aurrera begira ekimen honekin edota antzekoekin jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Ekimen zehatz hau, eskualde mailan koordinatutako azoka-sorta baten baitan kokatzen da. Aurretik, Jaunsarats eta Goizuetan antolatu dira Mendialdeko Azoka deiturikoak eta aurrerantzean, eskualdeko beste herri batzuetan antolatzea da asmoa: Lekunberrin, Leitzan… Hona hemen Larraungo edizioko argazki batzuk:

Aurrera goaz eraginkortasun energetikoaren eta iturri berriztagarrien bidean.

Energia arloan inbertsioak egin dituzten Etxarri, Uitzi, Astitz eta Aldazko Kontzejuetako kideak.

Aldatzen LED argiteria publikoa jarri dute auzolanean, eta Etxarrin plaka fotovoltaikoak, bordetan.

Larraungo Udala eta haraneko kontzejuak elkarlanean ari dira energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko. Oraingoan, urrats bat ematen ari dira Aldatzen, Uitzin eta Etxarrin. Argiteria publikoaren ordez LED teknologia erabiliko da horietan.  Aldatzek, dagoeneko, kontsumo-maila nabarmen jaitsiaraziko duen sistema berriaren instalazioa egin du, auzolanean. Etxarrin, aldiz, plaka fotovoltaikoa jarri da bordak hornitzen dituen ur-araztegian. Halaber, Astizko Kontzejuaren kasuan, Oderitz, Madotz eta Mendukiloko kobak hornitzeko erabiltzen den ponpaketa sistema berrituko dute.

Bestalde, zazpi kontzejuk energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute, hornitzeko kontratuak Goiener Kooperatibara aldatuz. Kooperatiba horrek %100 iturri berriztagarrietatik energia-hornidura bermatzen du. Aldatz, Astitz, Etxarri, Errazkin, Baraibar, Alli eta Arruitz izan dira erabaki hori hartu dutenak. Kontzeju horiek guztiek, gainera, aurrera begira energia-efizientzia hobetzeko pausu gehiago emateko asmoa adierazi dute.

 

Udalaren eta Kontzejuen arteko elkarlana, ezinbestekoak.

Larraungo Udala joan den ikasturtean hasi zen ibarreko 15 kontzejuei aholku ematen, laguntzen eta koordinatzen. Horretarako, kontzeju guztiak “Kontzejuen Mahaira” deitu zituen laguntza horien berri emateko eta eraginkortasun energetikoaren garrantziaz kontzientziatzeko. Gainera, inbertsioei aurre egiten lagunduko die pauso hori ematea erabaki duten kontzejuei (Aldatz, Uitzi, Etxarri eta Astitz), guztira 15.000 euroko laguntzaz. Udalaren lehentasuna da udalerriaren garapena bultzatzea, energia modu arduratsuagoan erabiliz eta ekonomia zirkularrean oinarrituta. Horrela, bizi dugun despopulazioaren testuinguruan, gure kontzejuen energiarena bezalako gastu arruntak murriztea funtsezkoa da bailara biziberritzeko proiektuetarako baliabideak bideratu ahal izateko. Horri dagokionez, egoerak uzten duenean, Udalak kontzejuekin lanean jarraituko du hainbat proiektutan.

 

Mendialdeko Azoka Baraibarren: Larraun Ura eta Lurra proiektua egoera berrira egokituz.

“Ura eta Lurra proiektuaren bidetik, gure ingurunetik sortutakoa balioan jarri, ikusgarri egin eta bertatik bertarako ekonomia bultzatzea helburu izango du”

Larraun Ura eta Lurra etenaldian izan da orain arte, COVID-19aren bilakaeraren ondorioz Nafarroako Gobernuak hartutako neurriak zirela-eta. Horrela bada, egoera aztertu eta Larraun Ura eta Lurra proiektua egoera berrira egokitzea erabaki da, gure eskualdeko ekoizleen produktuak eskainiko dituen azoka antolatuz.

Larraungo Udalak, CEDERNA-GARALUR garapen agentzia eta Plazaola turismo partzuergoarekin batera, eta bertako ekoizleekin harreman estuan, Mendialdeko Azoka antolatu du. Ura eta Lurra proiektuaren bidetik, gure ingurunetik sortutakoa balioan jarri, ikusgarri egin eta bertatik bertarako ekonomia bultzatzea helburu izango du azaroaren 22an gauzatuko den ekimen honek.

Eskualde mailako ekimen koordinatua

Aipatzekoa da eskualde mailan partekatutako hausnarketa baten ondorio dela, eta inguruko udalerriekin batera koordinatutako azoka ezberdinen testuinguruan kokatzen dela; izan ere, aste hauetan zehar Goizuetan, Leitzan eta Araitzen ere azokak antolatzen ari dira, batzuen eta besteen arteko sinergiak bilatuz eta azoka horietan erosteko ohitura sustatzeko asmoz.

Horrela bada, herritar guztiei egiten diegu dei igandeko azokara bertaratu eta nahi izanez gero bertako produktuez gozatzeko aukera baliatzeko. Osasun-neurriak zorrotz betetzen direla bermatuko dugu.