Cederna Garalur garapen agentziak berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko online prestakuntza antolatu du

berdintasuna ikastaroa cederna garalur
  • Saioak online izanen dira azaroaren 3an, 5ean eta 9an, gaztelaniaz eta euskaraz, eta bi orduko iraupena izanen dute.

  • Prestakuntza tokiko ordezkariei, udal-teknikariei, emakumeen mugimendu eta elkarteei eta era guztietako gizarte- eta ekonomia-eragileri dago bideratuta.

«Kontziliaziorako Tokiko Itunak» programako genero-berdintasuna sustatzeko ekintzen barnean, Cederna Garalur Elkarteak emakumeen aurkako indarkeriaren arloko prestakuntzari eta sentsibilizazioari buruz sei lantegi (dohainik) antolatu ditu.

Saioak udal-ordezkari politikoei eta udaletako teknikariei bideratuta daude, baita Nafarroako Mendialdeko emakumeen mugimendu eta elkarteei eta ekonomia- eta gizarte-eragileei ere; besteak beste, partzuergoei, enpresei, sindikatuei, mankomunitateei edo guraso-elkarteei.

Prestakuntza bera da lantegi bakoitzerako: Sei lantegi eginen dira egun eta ordutegi desberdinetan, parte-hartzea errazte aldera. Saio birtualak izanen dira, azaroaren 3an, 5ean eta 9an, 2 orduko saioak, gaztelaniaz eta euskaraz. Gaztelaniazko saioak azaroaren 3an (10:00etatik 12:00etara), azaroaren 5ean (9:00etatik 11:00etara) eta 9an (12:00etatik 14:00etara) eginen dira. Bestalde, euskarazko saioak, berriz, 16:00etatik 18:00etara izanen dira azaroaren 3an eta 5ean, eta 15:00etatik 17:00etara azaroaren 9an. Lantegietan gehienez ere 20 lagunek har dezakete parte. Murgibe enpresak bideratuko ditu lantegiak.

Prestakuntza horren helburu nagusia da indarkeria-kasuak identifikatzeko eta tratu txarren aurrean erabilgarri dauden baliabideak ezagutzeko behar diren tresnak ematea. Horrez gain, prestakuntza horren bidez, erakunde parte-hartzaileen arteko loturak sendotzen dira, eta indarkeria-egoeren eta tratu txarren aurrean fronte komun bat eratzen da.

Prestakuntza-ekintza horiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko proiektuen deialdian txertatzen dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatutako «Kontziliaziorako Tokiko Itunak» programaren barruan.

Argibide gehiago: