Gasbidearen proiektua: alternatiba jasangarriago bat proposatu du Udalak

Larraungo Udalak, Arakilgo Udalarekin batera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu du Nafarroako Gobernuak Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbide baterako baimena ematearen kontra, eta, aldi berean, bide berri bat aztertzeko eskatu du. Aurreikusitako gasbide horrek gure udalerriko Madotz, Oderitz, Astitz eta Alliko lurrak gurutzatuko lituzke.

Arakilgo eta Larraungo Udalek adierazi dute ez daudela gasbide proiektuaren kontra, izan ere, Lekunberrin beharra dago eta hura ase behar da. Bi udalak aukeratutako trazaduraren aurka daude. Horregatik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak baimena ematearen kontra. Aldi berean, Plazaolako trazadura aztertzeko eskatu dute, zentzuzkoena, inpaktu gutxienekoa eta ekonomikoena dela iritzita. Txostena aurkeztu dute horretarako. Hodi eta kanalizazio guztiak hortik doaz, esaterako, Plazaolako bide berdean barna eramaten da gaur egun Iribastik Irurtzunera arteko goi ur-hornidura sarea eta zuntz optikoaren sarea ere handik hedatzen da.

Proiektuaren eta balizko alternatiben inguruko informazio gehiago emateko, solasaldia izanen da ostiralean, urriaren 9an, Irurtzungo Kultur Etxean. Bertan izango dira, besteak beste, Mikel Uharte Larraungo alkatea eta gure bailarako Kalaxka eta Ondare taldeetako kideak.